FIL Guadalajara: Uxue Alberdi

Euskara. Kultura. Mundura.

FIL Guadalajara: Uxue Alberdi
  • 27
    Aza 2021
    05
    Abe 2021
    Guadalajara (Mexiko)

Pandemiak markatutako 2020. urtearen ostean, Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokak (Mexiko) euskal literaturako ahots nabarmen bat hartuko du berriz aurtengo edizioan. FIL Guadalajara sektoreko ekitaldi garrantzitsuenetakoa da nazioartean eta Iberoamerikar literaturaren hitzordu nagusia, urtero ehunaka idazle eta hainbat mila profesional eta irakurle biltzen dituena.

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984) idazle eta bertsolariak ‘Jenisjoplin’ eleberria aurkeztuko du FIL-eko programa ofizialean, eta hainbat ekitalditan hartuko du parte, bai azokan bertan, eta baita hitzordu horren harira Guadalajaran eta Mexiko Hirian egingo diren zenbait jardueratan.

Alberdik honako jardueretan hartuko du parte Mexikon:

  • Azaroak 29, 19:00 h. Librería Impronta, Guadalajara. Aurkezpena Julián Herbertekin solasean.
  • Azaroak 30, 19:30 h. Librería Gandhi, Guadalajara. Liburuaren aurkezpena.
  • Abenduak 1, 20:00 h. FIL. Salón F, Área Internacional. Literatura, música y rebeldía: una conversación con Uxue Alberdi. (Literatura, musika eta errebeldia: Uxue Alberdirekin solasaldia).
  • Abenduak 2, 20:00 h. FIL. Salón 7, Área Nacional. Los Lectores Presentan Jenisjoplin.
  • Abenduak 3, 18:00 h. Librería Volcana, Mexiko Hiria. Uxue Alberdi en diálogo con la escritora, editora y traductora Yael Weiss. (Uxue Alberdi Yael Weiss idazle, editore eta itzultzailearekin elkarrizketan).

´Jenisjoplin´ Consonni argitaletxeak 2020an gaztelaniaz plazaratu zuen eta Mexikon banaketa dauka. Eleberria identitate pertsonal eta kolektiboaren berrasmaketari buruzko kontakizuna da, 2010. urtean, eraldaketa betean dagoen euskal testuinguru soziopolitikoan kokatzen dena. Jenisjoplinek harrera beroa jaso zuen irakurleen eta liburu-denden aldetik, eta oso kritika onak izan zituen. 2017an 111 Akademia Saria irabazi zuen.

Nazioartean liburuaren sektoreko ekitaldirik garrantzitsuenetako batean euskarazko literatura-sorkuntzari ikusgarritasuna emateko xedearekin, Etxepare Euskal Institutua FIL Guadalajaran euskal idazleen parte hartzea sustatzen ari da 2011tik, mexikar eta nazioarteko publikoari azken urteotan arrakasta nabarmenak lortu dituen literaturara hurbiltzeko aukera eskainiz. 2020ko etenaldiaren ondoren, Uxue Alberdik Kirmen Uribe, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Harkaitz Cano, Anjel Lertxundi edo Eider Rodriguez bezalako izenen lekukoa hartuko du.

Uxue Alberdiri buruz

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984) kontakizun, eleberri, saiakera, literatura-kronika eta haur literaturaren egilea da. Euskadi Literatura Saria birritan jaso du, Haur eta Gazte Literaturan ´Besarkada´ lanagatik eta Saiakeran ´Kontrako eztarritik´ lanagatik. ‘Jenisjoplin’ eleberriak 111 Akademia Saria jaso zuen eta gaztelaniara eta ingelesera itzuli da. Gaur egun, literatura-tailerretako irakasle, iritzi-artikulugile, itzultzaile irakurle-taldeen gidari eta letragilea da, besteak beste. Ainhoa Agirreazaldegirekin batera, Bertso Eskola Feminista jarri zuen abian.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu