Gabriel Erkoreka konpositoreak irabazi du Espainiako Musika Saria
Euskara. Kultura. Mundura.
Gabriel Erkoreka konpositoreak irabazi du Espainiako Musika Saria “sortzaile gisa duen ibilbide bikainagatik eta bere konposizio-hizkuntzaren aberastasunagatik, nabarmentzekoa izanik euskal instrumentu tradizionalen sonoritatearen fusio pertsonala”. Epaimahaiak azpimarratu du, halaber, “bere musikaren nazioarteko proiekzioa, Europako denboraldi eta jaialdi garrantzitsuetan programatzen dena”.
1969an Bilbon jaioa, Gabriel Erkorekaren obra interes eta motibazio ezberdinen isla da, hala nola natura edo berori zaintzeko beharra, jatorri anitzeko musika tradizional eta folklorikoa, edo adimenaren eta horren jokaeraren esplorazioa. Gizarte-gaiekiko ardura nabarmenarekin, solista eta talde obrak luze eta zabal landu ditu banakakoa eta kolektiboa aurrez aurre jartzeko modu gisa. Bere ekoizpenek egitura dramatikoekiko lehentasun egiazkoa erakusten dute, dinamika eta erregistroen muturreko erabilpenaz, aberastasun tinbriko handiko eta musikaltasun nabarmeneko hizkuntzan kondentsatuz.
Espainiako Musika Saria Erkorekak bere ibilbide profesionalean jaso dituen beste sari batzuei batzen zaie, aipagarriak izanik Musika Konposizioaren Reina Sofía saria 2008an, SGAEren Lehenengo Saria 1996an, Eusko Jaurlaritzaren Musika Konposizio Saria 1999an, Royal Academy of Music-en Josiah Parker Prize eta beste sari batzuk, eta Roma Saria 2001ean edo Parisko Espainiako Musika Kolegioa-INAEM Konposizio Saria. Musikagile euskaldunaren obrak Biennale di Venezia (2004 eta 2014), Vienako Musikverein, South Bank Centre, Londongo ICA eta Wigmore Hall bezalako aretoetan eta Hong Kong, Beijing, Tokio, Sidney, New York, Chicago, San Petesburgo edo Buenos Airesen bezalako hirietan interpretatu dira. Gabriel Erkorekak UNESCOren Konpositoreen Nazioarteko Tribunan eta Gaudeamus Muziekweek-en parte hartu du.