Gala Knörr: "Euskal diasporak irudikapen oparoagoa izan du dantzan eta gastronomian, arte garaikidean baino”

2025/06/24

Etxepare Euskal Institutuak babesturiko Frank Bidart katedrako azken artista egoiliarra dugu Gala Knörr, eta California State University Bakersfield unibertsitatean egindako egonaldiaz mintzo da.

Euskara. Kultura. Mundura.

Gala Knörr

Gala Knörr ikertzaile eta artista izan da Etxepare Euskal Institutuak babestutako Frank Bidart katedrako 2025eko egonaldirako sortzaile hautatua. Aldez aurretik ikerketa- eta arte-egonaldiak egin izan ditu, besteak beste, Bilboko Azkuna Zentroan, Donostiako Tabakaleran, Parisko Cité International des Arts zentroan, Londresko Goldsmiths unibertsitatean, bai eta New Yorkeko Solomon R. Guggenheim museoan ere. Frank Bidart katedraren onuradun gisa, Knörrek ‘La luz que nunca se apaga’ lan artistikoa gauzatu du, California State University Bakersfield unibertsitatean egonaldia eginda. Berarekin bildu gara bere lanaz, katedraren egonaldiaz eta arteaz orobat jarduteko.

Bete-betean zeharkatzen gaituen eraldaketa digitalaren aurrean, irudiak, beren esanahiak eta gogamen kolektiboan beroriek duten eragina dituzu aztergai. Ze garrantzi du zuretzat medioak, zinemak eta publizitateak kasu?

Aspaldidanik darabilt honako ideia hau buruan: kontakizuna kontrolatzen duenak boterea du. Irudiek ideia batez, istorio batez edo ekintza batez konbentzitu gaitzakete; alegia, gugan zerbait eragiteko gaitasuna dute. XX. eta XXI. mendeetan pentsamenduak, produktuak eta konbikzioak ahalbidetzeko gai diren istorio eta kontakizunak sortzen dituzten ekoiztetxe eta enpresa handiak ahobiko arma dira, hala zineman nola publizitatean. Irudiak izugarrizko boterea du, eta gaur egun are gehiago, Internetek eta sare sozialek difusiorako duten erraztasuna kontuan hartzen badugu.

Ikerketa artistikoaz gain, zure ibilbide profesionalaren ardatzetako bat praktika artistikoa duzu. Zure iritziz, jarraikortasun logiko bat eratzen al dute? Biak uztartzean, zein neurritan egin behar izaten zaio uko bietakoren bati?

Ez dakit kanpotik logika bat osatzen duten; niretzat badute, bederen. Azken finean, nire proiektuetako askok komunitatearen bilaketa dute oinarri-oinarrian: izan sare sozialetan zein umorean, euskal diasporaren historia konpartituan, edota klub eta rave ohituretan. Nire ikerketa guztia bizi gaituen testuinguruari, bizi-esperientziei eta irudikapen modu zeharo partikularrei lotutako ñabardurek zeharkatua da. Zelanbait organikoa da, nire praktika horri guztiari hertsiki lotua da. Baliteke, halere, nire obra artistikoa partekatzean, honaino ekarri nauen bidea ez hain argia edo agerikoa izatea. Misterio pittin bat utzi beharko da.  

‘La luz que nunca se apaga’ lanak Western generoak euskal emakumeari esleitu ohi  dion paper dimentsio bakarra eta estereotipatua gainditzea du xede. Ze harreman mota dago lan honen eta 2022an argitara eman zenuen ‘The Seekers’ proiektuaren artean?

2023an Salamancako DA2-n ‘Soy tu hucleberry’ erakusketa Adonay Bermúdez komisarioarekin batera aurkeztu nuenean, BilbaoArte Fundazioan mamitutako ‘The Seekers’ lanaren erakustaldi bat egin nuen. Orduantxe jabetu nintzen artelan gehienek istorioaren zati bat baino azaltzen ez zutela: mendian diharduen [gizon] bakartiarena. Emakumeak, aitzitik, apenas azaltzen ziren.

Aspalditik ikertu nahi izan dut euskal emakume migrantearen figura hori: bere egunerokotasuna, partekatuak izan ez ziren istorioak, nolatan ez zen iruditeria emankor horren parte. ‘La luz que nunca se apaga’ lanaren bitartez, Bakersfielden egonda, euskal komunitateak gaur egun dituen bilguneak ikusita, belaunaldi ezberdinetako emakume ezberdinak ezagututa, haien istorioak adituta, norbera berehala ohartzen da emakumeok izan zirela (eta baliteke egun ere halaxe izatea) komunitatearen zutarri.

Gala Knörr - ´The Seekers´

Zein neurritan suertatu dira zuretzat emakume horiek eta euskal diaspora inspirazio-iturri?

Ekintzaileak ziren emakumeak: negozioak irekitzen zituzten, egitasmoak finantzatzen, familia zaintzen zuten, sukalde-ohituretan bat egiten… Euskararen biziberritzeari ere ekarpena egin zioten, gerora zetozen belaunaldi elebidunak, eta zenbait kasutan eleaniztunak ere, bermatu zituzten. Euskal boarding house-ak [ostatuak] jatetxe bilakatu ziren, gaur egun emakumeek kudeatuak. Horrelako istorioak bertatik bertara eta jatorrizko iturritik ezagutzeak ezohiko bidaia ia exotikoa suposatu du —azken finean, Kaliforniaren barnealdeaz ari baikara, inguruko Los Angeles hiriaren distiratik urrun—, eta aldi berean magikoa izan da, arrotza den testuinguru batean zure etxearen printzak azaltzen baitira. Euskal diasporaren eskuzabaltasuna Bakersfielden erabatekoa izan da.

Euskal arteari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

 Frank Bidart katedrari dagokionez, zertan zetzan zure lana eta zein izan dira azpimarratu nahi zenituzkeen une gorenak?

Landa lan mardula egin izan dut egonaldian zehar. Nire ikerketarekin bat egin nahi duen ororekin bekoz beko (zein Zoom bidez) esertzea ezinbestekoa izan da. Euskal Ikasketen Institutuaren testuinguruan antolaturiko sinposio batean hitzaldi irekia eman nuen, non The Arborglyph Collaborative proiektua ezagutzeko aukera izan bainuen, Steven Gamboak eta Chris Livingstonek zuzendurikoa, zeinak zuhaitzen azaletan zizelkatutako grabatuen ondarea babestea duen helburu. Bestalde, Bakersfield College-eko Ryan Rickard irakasle eta artistaren eskutik, diziplina ezberdinetako ikasleei zuzendutako mintzaldia eman nuen, haien obrak eta prozesuak hizpide hartuta. Bakersfieldeko egonaldian ere euskal artzainen transhumantzia-bideei buruzko proiektu liluragarri bat ezagutu ahal izan nuen Jedediah Caesar eta Patricia Fernándezi esker. Jedediah unibertsitateko Todd Madigan Art Gallery-ko arduradun ere bada, eta proiektu honen baitan gauzatu nahi dudan artelanaren bitartez inoiz bertara itzuli nahi nuke.

Eta egun, zein da euskal diasporaren irudikapena herri kultura garaikidean? 

Adibide adierazgarrienak literaturaren alorretik datozela esango nuke, Robert Laxalten kutsu autobiografikodun eleberrietatik hasita, baina badaude egon Mary Austinen ‘The Flock’ (1906) edo Frank Bergonen trilogiaren gisako lanak ere bai. Artean Nestor Basterretxearen figura totemikoa dugu, eta garaikideagoen artean Patricia Fernandez, beharbada. Arteak Kaliforniako paisaia eta lurraldearekin duen loturak artzain euskaldunen istorioan barneratzera eraman zuen azken hori. Zineman, dokumentalgintzak egin du bide nabarmenena, baina niretzat interesgarriena [diasporak] Western estetikarekin duen lotura da. Zinez interesgarria da nola azaltzen diren memoria hori osatzen doazen ahots berriak, bai eta sortzaile edo artistek ere nola heltzen dioten leku ezberdinetatik. Labur esanda, euskal diasporak irudikapen oparoagoa izan du dantzan, gastronomian edota jaialdi herrikoietan, praktika artistiko garaikideagoetan baino. Baliteke gabezia hori zerbaiten seinale izatea, baina, ororen gainetik, aukera da.

Etxepare Euskal Institutua eta sortzailea

Etxepare Euskal Institutuak antolatuta, 2025. urteko ekitaldiko Frank Bidart katedrarako ikertzaile eta sortzaile hautatua da Gala Knörr. Arlo akademikoa eta artistikoa landu ditu California State University Bakersfield (CSUB) unibertsitateko Euskal Ikasketen Institutuan hilabeteko egonaldian.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu