Galway 2020 Europako Kultur Hiriburua: Óró
Euskara. Kultura. Mundura.
-
21Ira 202026Ira 2020Galway
Kulturarentzako horren korapilatsua izaten ari den urte honetan, Irlandako Galway 2020 Kultur Hiriburutzak aurrera egitea lortu du nola edo hala. Egitarauan biziraun duten proiektuetako bat da Óró.. arte eszenikoen egitasmoa, diziplina ezberdinak fusionatzeaz gain, hizkuntza gutxituetako hainbat kultura ere elkartu dituena. Bertan da Amaia Elizaran dantzaria, euskal kulturaren ordezkari, eta esperientziaren inguruan aritu gara berarekin hizketan.
Hainbat aste daramatza dagoeneko Elizaranek (Tolosa, 1992) Irlandako hirian sorkuntza prozesuan; iritsi eta lehen bi asteak konfinatuta igaro ostean. Esperientzia “oso aberasgarria” izaten ari dela dio, “Hainbeste diziplinetako artistekin lan egiteko aukera izatea izugarrizko zortea da”. Izan ere, “Europa osotik etorritako hamazazpi pertsona, hizkuntza gutxituetako hamazazpi hiztun” bildu dira bertan egunotan Óró.. pieza elkarrekin sortzeko, helburu bakar batekin: “gure ideia eta ikuspuntuak bateratzea, artea den hizkuntza horretan oinarritutako sorkuntza berri bat erditzeko”. Baina ez artistak bakarrik: “Pertsonalki, harrituta geratu nintzen jantzi eta argi diseinatzaile, artista bisual eta eszenografoak sorkuntza prozesu guztian zehar gurekin egotearekin... luxua!”, diosku dantzariak.
Óró.. sei hizkuntza gutxituren bitartez dantza garaikidea, antzerkia, musika, poesia eta arte bisualak nahasten dituen obra da, identitatea, hizkuntza eta biziraupena ardatz dituena. COVID-19ak eragindako bizitza publikoaren murrizketa eta kontaktu fisikoaren galera ere badira piezak lantzen dituen bi gai garrantzitsu. “COVID-19ak eskatzen dituen neurriekin horrelako prozesu bat aurrera eramatea erronka zaila izaten ari da denontzat. Hala ere, artearen eta arte-sorkuntzaren boterea hain da hizkuntza indartsua, horrek lotura, hari eta transmisore gisa jarduten baitu. Hona ekarri gaituzten hizkuntza guztiek bezala, euskara barne”.
Kultur jarduera gehienak bertan behera geratu diren ezohiko urte honetan, ordea, euren proiektuak aurrera egin izana izugarri eskertzen du Elizaranek. “Zorte handia izan da, zalantzarik gabe, proiektu honetan Gipuzkoa eta Euskadi ordezkatzeko aukera izatea. Eta erantzukizun bat. Sinergia artistikoetatik haratago, Europako beste enklabe batera bidaiatzeak, konfort-eremutik kanpo, helburu komun baten alde lan egiteak, askotariko diziplinetako profesionalekin proiektua partekatzeak eta sorkuntza garatzeko nire hondar ale txikia ekartzeak ikaragarri pozten nau. Oraindik ez dakit nola lortu duen gure proiektuak bizirik jarraitzea, zorionekoak gara; ea estreinaldira iristen garen!”.
Zorteak euren alde jarraitzen badu eta, Elizaranek esan bezala, estreinaldira iristen badira, Óró.. pieza Galwaytik gertu dagoen An Cheathrú Rua herriko fabrika batean erakutsiko da irailaren 21etik 26ra bitarte egunero, azken honetan ospatzen den Hizkuntzen Europako egunarekin amaitzeko. Informazio gehigarria eta ticketetarako esteka hemen.