Garbiñe Iztueta: “Erronkarik politena askotan ildo berriak lantzea izaten da”
Euskara. Kultura. Mundura.
Garbiñe Iztueta (Tolosa, 1972), Ingeles eta Alemaniar Filologian lizentziatua da (1996), eta Filologia Modernoan doktore (2002). 1998az geroztik Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeles eta Alemaniar Filologia eta Itzulpengintza sailean irakasle izan da. 2007tik 2011ra Letren Fakultateko Nazioarteko Harremanetarako eta Mugikortasun Programetarako dekanorde izan zen. Ikerketaren alorrean, alemaniar literaturaren eta Alemania eta Euskal Herriaren arteko kulturartekotasunaren inguruko gaiak izan ditu aztergai.
2017tik geroztik, Etxepare Euskal Institutuaren euskara hedatu eta sustatzeko zuzendaria izan da. Bere funtzioak euskararen nazioarteko proiekzioa bultzatzea; atzerriko unibertsitateetan euskararen presentzia, ikerketa eta ikasketa sustatzea; eta euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasten duten irakasleen prestakuntza bultzatzea izango dira, besteak beste.
Hil honetan, Monika Madinabeitia filologo eta ikerlariak lekukoa hartu dio karguan. Iztueta, bide berri bati ekingo dio Euskal Herriko Unibertsitatean. Ikerketan eta irakaskuntzan arituko da aurrerantzean, besteak beste. Berarekin hitz egin dugu, Etxepare Euskal Institutuan izan duen sei urteko ibilbidea gogoratzeko, horren inguruan hausnarketa egiteko, eta etorkizunera begira hartuko duen norabidea hobeto ezagutzeko.
Nolakoa izan da sei urte hauetan izandako ibilbidea?
Esan daiteke mota ezberdinetako helburuak nituela nire aurrean 2017an hasi nintzenean.
Eremu akademikoan 35 irakurletza inguru eta 8 katedra jada jardunean ari ziren. Berauek indartu eta sendotzea eta berriak epe luzerako lankidetza sendoak izatea helburu nagusietakoa zen. Sendotze helburu horretan irakurleen arteko saretzea eta etengabeko prestakuntza aukerak gehitzea eta hobetzea lehentasunezkoa izan da, eta baita irakaskuntzaz gain irakurleek nazioarteko unibertsitateetan kultur-ekintzen bidez euskara eta euskal kultura ikusgaiago egin eta ikasleak dinamizatzeko baliabideak sendotzea ere. Ikasleei begira nazioarteko ikasketa prozesuaren hurrengo pausu gisa irakurletzetako ikasleek beren ikerketa lanetan (Gradu Amaierako Lanetan, Master Amaierako Lanetan esate baterako) euskara eta euskal ,kultura iker ditzaten sustatzea ere jomugan tizan du.
Eremu akademikotik harago helburu nagusia ere izan da Etxepare Institutuarentzat ildo berria txertatzea. Izan ere, 2018ra arte HABEtik (helduei euskara irakasten lan egiten duenen Eusko Jaurlaritzak finantzatutako erakundea) kudeatu zen Euskara Munduan programa eta gure eremutik kanpoko egiaztagintza proben antolakuntza Etxepare Institutuan hartzeko eta indartzeko lan egin dugu. Horretarako HABErekin elkarlanean Euskara Munduan-eko koordinatzaile berak jarraitzeak ezinbesteko balioa izan du, Etxepare Institutuak ordu arte eguneroko jardunean harreman zuzena izan ez zuen Euskal Etxeetako euskararen irakaskuntza atala ezagutu eta elkarlanerako harremantzeko.
Hirugarren helburua ere izan da euskararen arloko hainbat eragileekin (Euskalgintzaren Kontseilua, Euskalzaleen Topagunea, Soziolinguistika Klusterra, besteak beste) elkarlana sustatu eta indartzea nazioarteko askotariko foroetan euskararen ikusgaitasuna indartzeko.
Esan beharrik ez dago, helburu bakoitza lantzea ikasgai handia izan dela niretzat eta euskararen nazioarteko zabalkundean lanean ari diren hainbeste solaskiderekin lanean aritzeko aukera ez nukeela inoiz izango Etxepare Euskal Institutuan aritu izan ez banintz.
Zeintzuk izan dira euskara sustatu eta hedatzeko zuzendaritzatik izan dituzun erronkak?
Erronkarik politenak noski askotan ildo berriak lantzea izaten da. Eta zentzu honetan Euskara Munduan programa HABEtik Etxepare Institutura etortzeko bidea prestatu eta kokatzea bide polita izan da, Etxepareko beste programekin harremanetan jartzea, irakurletzetako eta Euskal Etxeetako euskara irakasteko sareak gerturatzea eta sinergiak sustatzea. Abian jarritako irakurletza eta katedra berriek ere aurretik lan handia eskatzen dute, emaitza ere asko gozatzen da.
Azken sei urteotako erronkarik hunkigarriena, noski, pandemia egoera kudeatzea izan da. Izan ere, euskararen nazioarteko irakaskuntzan eta sustapenean ari garenok, bakoitzak bere zeregin eta roletik, bai unibertsitateetan eta bai Euskal Etxeetan, pandemia garaian elkarlana estutu dugu. Hori bakoitzaren saiakera eta esfortzu bereziari esker izan da eta elkarrengandik hurbilago sentitu gara, loturak indartu direla esango nuke.
Etxepare Euskal Institutuan ibilbidea hasi aurretik, EHUko Ingeles eta Alemaniar Filologia eta Itzulpengintza Sailean irakasle izan zara eta ikerketa alorrean, Alemania eta Euskal Herriaren arteko kulturartekotasuna izan duzu aztergai. Zein izango da etapa berri honetan hartuko duzun norabidea?
Alemana eta alemaniar literatura irakastera itzuliko naiz, eta ikerketa lanetan jarraituko dut alemaniar eta euskal literaturan gurutzatzen diren gaiak, hausnarketak, kezkak eta ekarpenak aztertzen. Aleman Filologiako irakasle eta ikertzaile gisa hor ikusten dut egin dezakedan ekarpena. Esate baterako, MINECOk finantzatutako eta Mari Jose Olaziregi irakasle eta ikertzaileak zuzendutako "GERNIKA(S)" ikerketa proiektuaren baitan, Gernika oroimen leku gisa egungo alemaniar literaturan nola azaltzen den eta memoriari zein ekarpen egiten dion ikertzen hasia naiz.