Garikoitz Mendizabal txistulariak kontzertua eskainiko du Beiruten
2019/05/02
Euskara. Kultura. Mundura.
Garikoitz Mendizabal euskal txistulariak emanaldi bat eskainiko du Beirut hirian maiatzaren 3an, Libanoko Orkestra Filarmonikoarekin batera. Naji Hakim organista eta konpositore libanoarraren lan berriaren estreinaldia izango da hau; orkestra eta txisturako bereziki sortutako konposizio bat, alegia.
Garikoitz Mendizabal euskal txistulariak emanaldi bat eskainiko du Beirut hirian maiatzaren 3an, Libanoko Orkestra Filarmonikoarekin batera. Naji Hakim organista eta konpositore libanoarraren lan berriaren estreinaldia izango da hau; orkestra eta txisturako bereziki sortutako konposizio bat, alegia.
Mendizabalek eta Hakimek orain hiru urte ezagutu zuten elkar, eta azken honek berehala hartu zuen txistu eta orkestrarako kontzertu bat idazteko konpromisoa. Hakimek berak eta Libanoko Orkestrak Mendizabalen parte-hartzea eskatu zuten ostiraleko estreinaldirako. Horren aurretik, Mendizabalek kontzertu beraren txistu eta pianorako bertsioa estreinatu zuen Baionan, Ana Belen Garciarekin, 2018ko uztailean. Oraingoa, ordea, jatorrizko bertsioaren mundu-mailako estreinaldia izango da.
Libanoko Orkestra Filarmonikoa duela 21 urte sortu zen, eta urtero 30 emanalditik gora eskaintzen ditu, Harout Fazlian zuzendariaren gidaritzapean. Kontzertu honetarako, ordea, Fouad Fakhourik hartuko du batuta. Bertan, beste euskal musikari baten lana entzuteko aukera egongo da baita ere: Xabier Zabalaren Irribarrea konposizioa eskainiko da kontzertuaren ostean. Konposizio hau Mendizabalek berak Txistu Symphonic proiekturako eskatutako obra da.
Garikoitz Mendizabal ibilbide luzeko txistularia da. Bilboko Udal Txistularien bandako zuzendaria da egun, eta aurretik Gasteizko Txistularien Bandakoa izan zen. Musika talde eta orkestra ospetsu ugarirekin egin du lan bakarlari moduan; eta ospe handiko folk taldeekin ere egin izan du lan, besteak beste, Korrontzirekin. Entzute handiko artistekin ere kolaborazioak egin ditu, hala nola Carlos Nuñez edota Kepa Junkerarekin. Bakarlari gisa 14 disko plazaratu ditu, eta azken hamarkadetan lau haizeetara zabaldu du txistuaren doinua. Ostiralean Beiruten egingo den kontzertu hau mugarri bat gehiago izango da euskal kulturaren eta instrumentu honen zabalkundean.