Goi-mailako bilera Etxepare Euskal Institutuan
Euskara. Kultura. Mundura.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Miquel Iceta, Espainiako Gobernuko Kultura eta Kiroletako Ministroa Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan, Donostian, bildu dira gaur goizean.
Miquel Icetak Kultura eta Kirol Ministerioaren titulartasuna hartu zuenetik lehen topaketa izan da gaurkoa eta baliagarria izan da, batetik, bi gobernuen arteko lehen hartu-emanerako eta bestetik, elkarren arteko kultura eta kirol arloko gaiei berriro heltzeko eta horiek bultzatzeko.
Bileran, besteak beste, honako gai hauek aztertu dira: bi erakundeek Euskadin garatzen diren kultura-ekimen eta erakundeetan parte hartzea, Next Generation Europako Funtsen hedapena eta aplikazioa, Artistaren Estatutuaren garapena, euskarazko kultura-proiektuei laguntzea edo euskal kultura nazioartekotzeko politikak.
Bileran Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuorde Andoni Iturbek eta Etxepare Institutuko zuzendari den Irene Larrazak ere hartu dute parte. Espainiako Gobernuaren aldetik, Kultura eta Kirol ministroarekin batera izan dira Patricia Rafael Kabineteko zuzendaria eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria.