FIL Guadalajara: Karmele Jaio
Euskara. Kultura. Mundura.
-
28Aza 202006Abe 2020Guadalajara
Euskal literaturak ahotsa izango du beste behin azaroaren 28tik abenduaren 6ra egingo den Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan (FIL), Mexikon. Pandemia dela eta aurten modu birtualean egingo bada ere, urtero milaka profesional, editore eta egile elkartzen dira Iberoamerikako literatura jaialdi handienean; eta lehen lerroko hainbat izenekin batera, Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) bertan parte hartuko du bigarren aldiz, oraingoan Aitaren etxea eleberri arrakastatsuarekin, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, euskal literaturari ikusgaitasuna emateko.
Aurtengo “Euskadi Literatur Saria” Aitaren etxea-rekin irabazi duen Jaiok segida emango dio euskal egileen presentziari Guadalajaran. Kirmen Uribe, Iban Zaldua, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Mikel Ayerbe, Anjel Lertxundi eta Juan Kruz Igerabide izan dira azken bederatzi urteetan, Etxepare Euskal Institutuaren ekimenez, FIL-era bertaratu diren idazleak.
Jaiok berak gaztelaniara itzuli eta Guadalajaran aurkeztuko duen nobelak hiru protagonista ditu: Ismael idazle blokeatua, aitaren zaintzaz arduratu behar dena; idazteari utzi dion Jasone emaztea; eta atzerrian bizi den Libe, Ismaelen arreba. Haien bidez, eleberriak gogoeta egiten du generoak guztien egunerokoan duen eraginaz, eta, bereziki, maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduez.
Idazle gasteiztarrak programa ofizialeko ‘Los lectores presentan’ atalean parte hartuko du abenduaren 1ean, asteazkenarekin (12:30ean Mexikoko orduan, eta 19:30ean Euskal Herrikoan). Online saioan hiru irakurle anonimok, liburua aldez aurretik irakurri eta gero, La casa del padre (Destino/Grupo Planeta) aurkeztuko dute. Segidan, solasaldi bat egingo da idazlea eta publikoaren artean. Atal hau 2003. urtean sortu zuten irakurleei ahotsa eman eta liburu zaletasuna sustatzeko. Ordutik 70etik gora idazlek hartu dute parte programan.