Harkaitz Cano hizkuntza gutxitu batean idazteaz -besteak beste- Irlandan
Euskara. Kultura. Mundura.
Marta Dacosta poeta galiziarrarekin batera Corkeko UCC unibertsitatean hiztun urriko hizkuntzen inguruan lan egitearen abantaila eta desabantailez hitz egin zuen joan zen ostiralean, urriaren 17an, Harkaitz Canok. Nola hizkuntz gutxituetan literatur lanetan aritzen diren egileek, nahi edo ez, soziolinguistikaz arduratu behar izaten duten sarri. Ahozko tradizioaren pisuaz eta emakumezkoaren paperaz mintzatu zen Dacosta, ehule lana aski ez eta, “Ulisesek bezala, Penelopek ere bidaiatu nahi duela eta bidaiatu egiten duela” aldarrikatuz. Autoitzulpenen arriskuez, tradizio idatzi ezari tradizio bat asmatuz erantzutearen premiaz eta umorearen garrantziaz aritu zen gero Cano. Horren ondoren, poema irakurketa bat egin zuten Corkeko liburutegi publikoan (irudian), Isaac Xubin itzultzaile eta idazlearekin batera.
Dublinen, John Banvillek ireki zuen aurten Cervantes Institutuan ospatzen den ISLA jaialdia. Diamela Eltit txiletarra eta Jose Ovejero izan dira aurten gonbidatuak, besteak beste. Harkaitz Canok “Cuéntamelo otra vez” mahainguruan parte hartu zuen larunbatean, Claire Keegan eta Mary O´Malley irlandarrekin batera. Haurtzaroan entzundako lehen istorioez, istorio horiek iraun edo iraungitzearen arrazoiez eta narratzaile on batek derrigorrezkoa duen gaiztakeria puntuaz mintzatu ziren, besteak beste. Gertaeren egia erlatibizatu zuten, halaber: “Behin eta berriro kontatzen ditugun benetako pasadizoak ere apur bat aldatzen ditugu aldiro, entzulearen harrera on edo txarraren arabera”. Istorio borobilaren bilaketa izan daitekeela batzuetan, alegia, idazlearen perdizioa.
Hiru eguneko bidaia igandean amaitu zen Belfasten. Nathaniel Joseph McAuley poeta gazteak irakurri zituen ingelesez Canoren poemak eta Deirdre Cartmill eta Maria McManusekin batera aritu zen bertan. Horren ondoren, solasaldi ttipi bat izan zuten lauek publikoarekin, eta poemak itzultzearen zailtasunaz jardun zuten bereziki galde erantzunen tartean: “aldez aurretik estudioan grabatutako disko baten bertsio akustikoa entzutea bezala da”, adierazi zuen Canok. Cartmillek eta McManusek, Euskal Herrian Albaola elkartearen lana ezagutzen dutenak, bertsolaritzarekiko euren miresmena ere agertu zuten.
Etxepare Euskal Institutuak babestutako bidaia izan da Canorena.