Harrera bikaina egin diete Fringe jaialdian euskal sortzailei

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-08-10

- Dagoeneko Tio Teronen Semeen FreshCool, Krego-Martin Danza, Akira Yoshida eta Proyecto Colectivo HQPCk osatutako Basque Showcase, Atlantik 1050 eta 2Theatre taldearen Interbeing: Stories From a Current War ikusteko aukera izan dute Edinburgon. 

- Gaur bertan abiatu den Edinburgh International Book Festivalen ariko diren lehen euskal idazleak Iban Zaldua eta Harkaitz Cano izango dira. 

- Atzotik Edinburgon da Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua euskal sortzaileak han eskaintzen ari direnak bertatik bertara ezagutzeko.

- Dagoeneko Tio Teronen Semeen FreshCool, Krego-Martin Danza, Akira Yoshida eta Proyecto Colectivo HQPCk osatutako Basque ShowcaseAtlantik 1050 eta 2Theatre taldearen Interbeing: Stories From a Current War ikusteko aukera izan dute Edinburgon. 

- Gaur bertan abiatu den Edinburgh International Book Festivalen ariko diren lehen euskal idazleak Iban Zaldua eta Harkaitz Cano izango dira. 

- Atzotik Edinburgon da Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua euskal sortzaileak han eskaintzen ari direnak bertatik bertara ezagutzeko.

Etxepare Euskal Institutuak sustatutako #ScotlandGoesBasque ekimenaren eskutik, egunotan euskal sortzaileak bete betean ari dira dagoeneko euskal sorkuntzaren lagin bat urte sasoi honetan kultur jaialdi garrantzitsuenak hartzen dituen Edinburgon. Arte eszenikoez, literaturaz eta arte diziplina anitzez gozatzeko irrikatan dagoen jendez lepo dago Eskoziako hiriburua. Edinburgh Festival Fringe arte eszenikoen jaialdiaren baitan, asteazkenean, hilak 7, izan zen estreinakoz Tio Teronen Semeen FreshCool ikuskizuna, Edinburgoko udalaren alboan dagoen Royal Mile Mercat Stage eszenatokian eta egunero emanaldi bana eman ostean, gaur dute azken saioa, arratsaldeko 16:15etan. Ostegunean ekin zieten Dance Basen aritzeari Basque Showcase delakoa osatzen duten Proyecto Colectivo HQPC, Akira Yoshida eta Krego-Martín Danzak. Horietaz gain, atzo erakutsi zen Atlantik 1050 euskal eta eskoziar dantza tradizionalen ikuskizuna eta egunero ikusgai dago 2Theatreren Interbeing: Stories From a Current War.

Gaur larunbata, Fringen baitan FreshCool, Basque Showcase eta Interbeing izateaz gain, Edinburgh International Book Festivaljaialdia hastearekin batera, Iban Zalduak Txekhov vs. Shakespeare egitasmoan sortutako gutun-bilduma biltzen duen liburua aurkeztuko du James Robertson idazle eskoziarrarekin batera, Garden Theatren, eta Harkaitz Canok bere Twist nobelaren inguruan hitz egingo du Jumoke Verissimo poeta nigeriarrarekin, Book Festival-en Writer’s Retreat gunean. Halaber, bihar eta datorren astean zehar Book Festivalen ariko dira Miren Agur Meabe, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Eider Rodriguez eta Danele Sarriugarte idazleak eta Joseba Etxegoien musikaria. Azken orduko ezuste bat tarteko Eñaut Elorrietak ez du parte hartzerik izango.

Bestalde, atzotik Edinburgon da Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburua, Etxepare Institutuko zuzendari Irene Larrazarekin batera asteburuan zehar euskal sortzaileek, #ScotlandGoesBasque programaren eskutik, Fringe eta Book Festivalen baitan aurkeztuko dituzten ekimenak bertatik bertara ezagutzeko.

Aipatu bezala, asteazkenean izan zen Tio Teronen Semeen lehenbiziko emanaldia, Royal Mile-en. Royal Mile Edinburgoko alde zaharreko kale nagusia da eta egunotan Fringe jaialdiaren erdigunea: kalean zehar jarritako hainbat eszenatokietan uneoro ikus daitezke denetariko ikuskizunak (musika, dantza, kale antzerkia…); bata bukatu eta hurrengoa hasten da, ez dago atseden hartzerik. Kalean barrena doan jendeak eta ikuskizunek eragindako zalapartaren erdian Tio Teronen Semeek Edinburgoko bihotzera eraman duten FreshCool muntaiaren hasierako txalaparta hotsek oinezkoen arreta erakartzen dute eta jendea tresna hori zer ote zen jakin nahian hurbiltzera bultzatzen du berehala; handik gutxira, jendartetik agertzen dira dantzariak, korrika eta saltoka, festa giroan dantzan, eta ez dute denbora gehiegi behar izaten ikusleak korroaren erdira atera eta showaren parte bihurtzeko. FreshCool ikuskizunak jatorri oso bestelakoa duten hots, erritmo, dantza eta abar biltzen ditu, esaterako, txalaparta, txistua, aurreskua eta euskal dantzatatik eratorritako pauso ugari bai, bertsoak ere bai, eta baita pop eta rock musika ere (Michael Jacksonen Billie Jean eta Kortaturen Sarri Sarri) besteren artean; osagai horiek guztiak ikuskizunaren ezaugarri nagusien zerbitzura daude: umorea, energia eta ondo pasatzeko gogoa, alegia; horiek jendeari helarazteko Euskal Herrian, Edinburgon edo beste edozein tokitan ulertzen den lengoaia unibertsala darabilte Tio Teronen Semeek eta horrek eragina du publikoaren erantzunean. Hartara, ikuskizunaren amaieran txalo zaparrada, argazkiak eta galdera bat baino gehiago izaten dira, musika instrumentuen eta pausoen jatorriaren inguruan, ikusi eta entzundakoak bertaratutakoen jakin-mina piztu duenaren erakusgarri.

Ostegun eguerdian, berriz, Basque Showcase estreinatu zen Dance Base, Eskoziako Dantza Zentro Nazionalean; Fringe jaialdia gertatzen den hilabetean zehar, Dance Base mundu osoan barrena dantza garaikidearen arloan egun gertatzen ari denaren katalogo zabal bat bilakatzen da; zentroko lan edo entsegu areto guztietan daude emanaldiak; areto txikiak dira, publikoak artisten lana oso gertutik sentitzen duten horietakoak. Gertutasun hori bat dator erabat Basque Showcase ikuskizunak irauten duen ordu eta erdian, bata bestearen atzetik, Proyecto Colectivo HQPC, Akira Yoshida eta azkenik Krego-Martin Danzak aurkeztutako ikuskizunarekin. Proyecto Colectivo HQPCk Janice Parker eskoziar koreografoarekin elkarlanean moldatu duen Habrá que ponerse cachas proposamena lan kolaboratiboa da erabat, partaide bakoitzak esku hartu du bai hausnarketa prozesuan eta baita sorkuntza-lanean ere; zeharkako lan honek ezaugarri du lengoaia nahiz gorputz-adierazpide aniztasuna eta nahasteak, algara eta, batez ere, elkarrekin ikusle oro islatuta sentituko den pieza sortzea izan dute helburu Maylis Arrabitek, Ebi Soriak eta Xabier Madinak. Ondoren, Akira Yoshidak Home bere bakarkako lanean bere burua eroso sentitzen deneko gune horretarako itzulera-bidaiari ekiten dio, edo behar bada ez; Akirak dantza garaikidea eta breakdance-a uztartuz bere adierazpide propioa garatu du eta hori baliatuta desio-, frustrazio- eta  eraldaketa-esperientzia sakon eta pertsonala bizi eta partekatzen du ikusleekin. Emanaldiaren azken atala da Krego-Martin Danzaren (Non) Comfort Zone ikuskizuna, eta hau ere norbera eroso sentitzen den gune horren inguruko lana da; horretan Maria Martín eta Judit Ruizek helburu dute publikoaren eta euren arteko “laugarren horma” hastea, beraz, Dance Baseko areto txikia ederki moldatzen da euren asmora. Euren dantzari izaeraz haratago, pertsona gisa ikusiak izatea nahi dute dantzariek: jendartean eta zaurigarri, ia biluzik, egoera ezerosoan sentitzen denaren ezinegona helarazi nahi diete ikusleei eta horri gainjartzeko estrategiak arakatzen dituzte. Basque Showcase bihar igandera arte izango da ikusgai Dance Basen.

Atzo Atlantik 1050, euskal zein eskoziar dantza tradizionalen ikuskizunaren estreinaldia izan zen Edinburgon. Eguraldi txarra dela-eta, ezin izan zuen aurreikusita zegoen bezala kalean aurkeztu eta Dance Base-en izan zen estreinaldia, Basque Showcase ikuskizunaren jarraipen gisa. Jen Wren eta Amy Geddes eskozairrek eta Alain Mayak garatutakoaren arabera, euskal eta eskoziar dantzari gazteek euskal eta eskoziar dantza tradizionalak uztartu dituzte; eskoziar dantzako lurraren kontrako kolpeak euskal dantzek berezkoak dituzten hanka-jokoekin nahasten dira, besteak beste, Atlantik 1050 lanean, Euskal Herriko eta Eskoziako musikariek interpretatuko musikaren erritmora. Etxepare Euskal Institutua, Errenteriako Atlantikaldia jaialdia eta Dance Base, Eskoziako Dantza Zentro Nazionala erakundeek sustatutako ikuskizunak kaleko dantzen jai giro, poza eta energia baikorra ederki helarazi zien Dance Basen bildutako ikusleei eta haien harrera ona aurrekari ezin hobea da irailaren 22an Atlantikaldian ikusi ahalko den ikuskizun horrentzat.

Halaber, abuztuaren 25era arte 2Theatre konpainia Interbeing: Stories From a Current Wareszenaratzen ari da Assembly Rooms-en (https://www.assemblyfestival.com/whats-on/interbeing-stories-from-a-current-war). Ia hutsik dagoen eszenatoki batean, izan ere argiak dira eszenografiaren osagai bakarrenetakoak, antzerki fisikoan oinarritutako lan hau Ukrainia ekialdeko gerra egoera kontatzen duen proposamena da, zuzeneko musika eta soinu efektuez lagunduta. Berariaz sortutako musika, antzezle ukrainiarrak, handik ekarritako objektuak zein argazkiak eta kutsu autobiografikodun testigantzak lagungarriak gertatzen dira giza gatazkaren erroen inguruko kontakizuna publikoari helarazteko.


EUSKAL SORTZAILEAK EDINBURGON.

Edinburgh Festival Fringe eta Edinburgh International Book Festival.

Datozen egunotarako agenda

 

Abuztuak 10, larunbata

12:15etan: Basque Showcase: Akira Yoshida (Home); Krego-Martin Danza ((Non) Comfort Zone) eta Proyecto Colectivo HQPC (Habrá que ponerse cachas). Dance Base. Edinburgh Festival Fringe

12:30etan: Iban Zaldua & James Robertson: Identity and language exchange. Chejov Vs Shakespeare. Garden Theatre. Edinburgh International Book Festival

15:30etan: Harkaitz Cano & Jumoke Verissimo: The Bonds That Break Us. Writer’s Retreat. Edinburgh International Book Festival

16:15etan: Tio Teronen Semeak: FreshCool. Royal Mile Mercat Stage. Edinburgh Festival Fringe

 

Abuztuak 11, igandea

12:15etan: Basque Showcase: Akira Yoshida (Home); Krego-Martin Danza ((Non) Comfort Zone) eta Proyecto Colectivo HQPC (Habrá que ponerse cachas). Dance Base. Edinburgh Festival Fringe

12:15etan: Miren Agur Meabe & Zinzi Clemmons: Living, Loving and Loss. Baillie Gifford Corner Theatre. Edinburgh International Book Festival

18:00etan: Harkaitz Cano, Danele Sarriugarte, Joseba Etxegoien: Wine and Words. A taste of Basque culture. The Spiegeltent. Edinburgh International Book Festival

21:00etan: Uxue Alberdi, Danele Sarriugarte: Unbound: Scotland Goes Bertsolaritza!  The Spiegeltent. Edinburgh International Book Festival

 

 

Abuztuak 12, astelehena

18:00etan: Uxue Alberdi, Chiara Maclaverty & Rachel Newton: Throwing voices. The Spiegeltent. Edinburgh International Book Festival

 

Abuztuak 17, larunbata

19:00etan: Bernardo Atxaga & Margaret Jull Costa: Sin City Through Basque Eyes. Baillie Gifford Corner Theatre. Edinburgh International Book Festival

 

Abuztuak 18, igandea

10:00etan: Eider Rodriguez: Ten at Ten. Writer’s Retreat. Edinburgh International Book Festival

14:00etan: Eider Rodriguez & Margaret Jull Costa: Translation Workshop. Kimpton Charlotte Square Hotel. Edinburgh International Book Festival

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu