Atlantik 1050 proiektuak askatu du txikota

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-06-06

#ScotlandGoesBasque ekimenaren hurrengo mugarrietako bat izango da Euskal Herriko eta Eskoziako dantza tradizionalak uztartuko dituen Atlantik 1050 kaleko ikuskizuna. Etxepare Euskal Institutuak, Errenteriako Atlantikaldiak eta Dance Base-ek, Eskoziako Dantza Zentro Nazionalak sustatutako proiektua da.

#ScotlandGoesBasque ekimenaren hurrengo mugarrietako bat izango da Euskal Herriko eta Eskoziako dantza tradizionalak uztartuko dituen Atlantik 1050 kaleko ikuskizuna. Etxepare Euskal Institutuak, Errenteriako Atlantikaldiak eta Dance Base-ek, Eskoziako Dantza Zentro Nazionalak sustatutako proiektua da.

 

Ekimenaren zuzendari artistiko Jen Wren eta musika zuzendari Amy Geddes eskoziarrak, Ereintza Dantza Taldearen izenean euskal dantza zein musika tradizionalean aholkulari duten Alain Mayarekin lan egiteko Euskal Herrian direla aprobetxatuz, hedabideei aurkeztu zaie Atlantik 1050. Aurkezpenean izan dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; Julen Mendoza, Errenteriako jarduneko alkatea; Iker Tolosa, Atlantikaldiaren zuzendaria eta ekimenaren arduradun artistiko Jen Wren, Amy Geddes eta Alain Maya.

Itsasoa Eskozia eta Euskal Herriaren arteko lotura izan da mendeetan eta ikuskizun honek ere kostaldetik kostalderako bidaia egingo du: Edinburgon eta Errenterian sortu, garatu eta aurkeztuko da. Itsasoz 1050 milia dira horien arteko distantzia eta horregatik bihurtu da  Atlantik 1050 Basque-Scottish Traditional Dance izenez sortu zena.

Lan taldea osatzeko, Dance Basek Jen Wren koreografoa eta Amy Geddes musikaria hautatu zituen zuzendari artistiko eta musika zuzendari; eskoziar dantzariak aukeratzeko, deialdia luzatu dute eta dantza tradizionaletan trebatutako 16 eta 25 urte bitarteko gazteen artean hautatuko dituzte. Euskal partaideei dagokienez, Atlantikaldiak Errenteriako Ereintza Dantza Taldeari enkargua egin eta horrek bere kide Alain Maya dantzari eta koreografoa izendatu du proiektuaren zuzendari artistikoaren zein musika zuzendariaren aholkulari, euskal dantza eta musika tradizionalaren alorrean. Berak osatuko du euskal dantzari taldea: “Ereintza dantza taldea oinarri hartuta Euskal Herriko txoko askotako dantzariak elkartuko ditugu” esan du Alain Mayak aurkezpenean. Ikuskizuna musikaz jantziko duten bi musikariak ere euskaldunak izango dira.

Jen Wren eta Amy Geddes Euskal Herrian lanean ari dira egunotan. Egonaldi horri buruz Alain Mayak esan du lehenengo helburua Jen eta Amy euskal kulturaz hornitzea izango dela. Uztailaren 22tik 26ra Alain Maya Eskozian izango da, Jen, Amy eta bertako dantzariekin muntaia osotzeko. Egingo duten lanaren harira, Jen Wrenek zera adierazi du aurkezpenean: “Badira antzerako diruditen hainbat erritmo eta mugimendu, baina erabat ezberdina izango den zerbait sortuko dugu”. Eta Alain Mayak honakoa gaineratu du: “Sorkuntza prozesuan bi hitz klabe azpimarratuko nituzke: harremana eta komunikazioa. Harremana, bi kulturen arteko zubia delako proiektua; eta komunikazioa, dantza delako gure lengoaia”. Lan prozesuaren emaitza Edinburgon eszenaratuko da estreinakoz, Fringe-n, abuztuaren 9an, eta irailaren 22an Atlantik 1050 Euskal Herrira itzuliko da, Errenteriako Atlantikaldira, hain zuzen.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu