Jalgi hadi Hego Amerikara

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-11-20

Euskara eta euskal kulturaren nazioarteko onespena indartu eta beste hizkuntza eta komunitate batzuekin elkarguneak sortzeko eginkizuna du Etxepare Euskal Institutuak. Horretarako, mundu osoan zehar euskal kultura, hizkuntza eta ikasketak sustatzeko ekimenak eramaten ditu aurrera urtero, eragile kulturalekin eta akademikoekin elkarlanean.

Euskara eta euskal kultuta irakurletza programaren bitartez, Institutuak euskal ikasketak sustatzen ditu nazioarteko unibertsitate eta goi mailako zentroetan. Egun, 15 herrialdetako 31 unibertsitatek osatzen dute sare hori. Horrekin batera, euskara eta euskal kulturaren inguruko ikerketa sustatzen du munduko hainbat unibertsitate entzutetsutan sorturiko euskal ikasketen 12 katedren bidez.

Mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzea ere bada Institutuaren eginkizunetako bat. Horretarako Euskara Munduan programaren bitartez, mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzeko egiten du lan. Gaur egun munduko 70etik gora euskal etxetan ematen dira euskara eskolak Institutuaren laguntzarekin.

Oraingo honetan, sare horiek indartzeko Hego Amerikara bidaiatu dute Etxepare Euskal Institutuko Euskara Hedatu eta Sustatzeko zuzendariak, Monika Madinabeitiak, eta Euskara Munduan programaren arduradunak, Kinku Zinkunegik.

Bidai honen xedea, Argentinan, Txilen eta Uruguaien Institutuak euskara eta euskal kultura zabaltzeko helburuak betetzeko martxan dituen Euskara Munduan programaren barruko ekimenak, Irakurletzak eta Katedrak indartzea da, eta etorkizunera begira sor daitezkeen beste aukera batzuei ateak zabaltzea.

Bidaiaren lehen geltokia Argentina izan da. Bertan, Etxepare Euskal Institutuak euskal ikasketak sustatzeko COCINET-en (Consejo Nacional de Investigaciones Científicas y Técnicas) Amale Artetxe Katedra eta Universidad Nacional de La Platan euskara eta euskal kultura irakurletza bat bideratzen ditu. Horrez gain, Euskara Munduan Programak 35 Euskal Etxeetan euskara irakasteko sistemak eta baliabideak eskaintzen ditu herrialdean.

Besteak beste, Zinkunegi eta Madinabeitia aurtengo Amale Artetxe katedraren hitzaldi eta mintegietan izan dira, Laura Pego ikerlari gonbidatuarekin. Buenos Aireseko Euskal Astean (azaroak 6-12) euskal diasporari buruzko hainbat hitzaldi eta ekitaldietan eta euskara eskoletan parte hartu dute ere, eta Amerikako euskal komunitatearen hainbat eragileekin bildu dira (FEVA - Federación de Entidades Vasco Argentinas-, NABO – North American Basque Organizations-, Necocheako Euskal Etxea...).

Txilen ere izan dira Institutuaren ordezkariak. Txileko Unibertsitatean eta Txileko Santiagoko Pontificia Universidad Católica Unibertsitatean euskara eta euskal ikasketa sustatzen ditu Etxepare Euskal Institutuak irakurletza baten bitartez, eta  Bi unibertsitateetako Euskal Ikasketen arduradunekin bildu dira.  Txileko Unibertsitateko irakurlearekin, Maider del Olmorekin elkartu dira, eta berak emandako eskola batean parte hartu dute Madinabeitiak eta Zinkunegik.

Bestalde, Euskara Munduan programak Txileko hiru euskal etxeetan euskal ikasketen sustapena bideratzen du. Colectividad Vasca de Chile euskal etxeak antolatutako Mintza Txokoan parte hartu dute. Norakoa aldatu baino lehen, Txile, Peru eta Colombiako euskal delegaritzekin ere bildu dira.

Bidaiaren azken geltokia Uruguai izan da. Bertan, Euskara Munduanek euskara irakasteko programak sustatzen ditu bost euskal etxeetan. Alor akademikoari dagokionez,  Etxepare Euskal Institutuak euskal ikasketak sustatzen ditu Universidad de la Repúblicako irakurletzaren bitartez.

Bidai honetan, Madinabeitiak eta Zinkunegik Institutuak Montevideoko Universidad de la Repúblican sustatzen duen irakurletzaren baitan,  euskal ikasketen ardunadunarekin bildu dira eta bertako irakurlearen, Beñat Torresen, eskola batean parte hartu dute. Federación de Instituciones Vascas de Uruguay-ko (FIVA) kideekin ere bildu dira euskal etxeetako dinamikak eta erronken lanketa egiteko.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu