Ibarretxe lehendakariak emango du aurtengo William A. Douglass katedrako programa akademikoa

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-04-16

Etxepare Euskal Institutuak AEBko University of Massachusetts Amherst unibertsitatean  duen Euskal Ikasketen William A. Douglass Chair in Basque Cultural Studieskatedraren programa akademikoa abian da beste urtebetez. Aurtengoan Juan Jose Ibarretxe lehendakari eta Agirre Lehendakaria Center-eko (ALC) zuzendaria izango da irakasle gonbidatua, zentro bereko Amaia Agirre eta Gorka Espiau ikerlariekin batera.

Etxepare Euskal Institutuak AEBko University of Massachusetts Amherst unibertsitatean  duen Euskal Ikasketen William A. Douglass Chair in Basque Cultural Studies katedraren programa akademikoa abian da beste urtebetez. Aurtengoan Juan Jose Ibarretxe lehendakari eta Agirre Lehendakaria Center-eko (ALC) zuzendaria izango da irakasle gonbidatua, zentro bereko Amaia Agirre eta Gorka Espiau ikerlariekin batera.

“How to change a country” (Herrialde bat nola aldatu) du izena apirilaren 17an University of Massachusetts Amherst unibertsitatean emango duen mintegiak eta bertan Euskadik azken hiru hamarkadetan izan duen bilakaera izango du hizpide Ibarretxek.

1980ko hamarkadan gatazka eta errealitate ekonomiko gogorra bizi zituen Euskadik; hiru hamarkada geroago bake egoera bizi du eta Europako garapen adierazleetan bigarren tokian dago, Luxenburgoren atzetik. Halaber, berdintasun adierazleetan Eskandinaviako herrialdeen pare kokatzen da. Guggenheim Museoaren irekieratik ETAren su-eten iraunkorrera, zer irakaskuntza atera daitezke euskal gizartearen bilakaera prozesutik? Galdera horri helduko dio Ibarretxek antropologia gradu eta gradu-ondoko ikasleei, unibertsitateko komunitateari, zein hiriari irekita egongo den mintegian.

Biharamunean, aldiz, unibertsitateko komunitateari zuzendutako mahai-ingurua egingo da ALCren azken ikerketa proiektuen inguruan hitz egiteko. Ibarretxe lehendakariarekin batera Amaia Agirre eta Gorka Espiau ALCko kideek hartuko dute parte.

William A. Douglass katedra 2016. urtean jarri zuen abian Etxepare Euskal Institutuak University of Massachusetts Amherst unibertsitatean, AEBn, eta euskal antropologiari buruzko ikasketak sustatzea du xede.

Katedrari euskal antropologian aditua den William A. Douglass ikerlari eta irakasleak ematen dio izena. Besteak beste, Nevada Renoko Unibertsitatean Basque Studies Program zelakoa, egun Center for Basque Studies, sortu eta horren arduradun izan zen hogeita hamar urtez. Hain zuzen, bera izango da aurtengo mintegiari sarrera emango diona.

Mintegiari ongietorria egiteko, aldiz, Garbiñe Iztueta Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendari, Jaqueline Urla unibertsitateko Antropologia Saileko katedraduna eta Kalpen Trivedi Nazioarteko Programen errektore ordea ere izango dira bertan.

Datozen bi egunetan burutuko diren mintegi eta mahainguru hauek osatuko dute William A. Douglass katedraren ikasturte honetako programa. Joan den otsailean beste ekitaldi bat burutu zen: Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe bertsolariak izan ziren bertan bertsolaritza eta genero gaiak lantzen.

Orotara, euskal ikasketen zortzi katedra ditu martxan Etxepare Euskal Institutuak mundu osoko unibertsitate esanguratsutan. Euskal ikasketei buruzko irakaskuntza espezializatua (bereziki, gradu-ondo mailakoa) eta euskal ikasketei buruzko ikerketa akademikoak sustatzeko tresnak dira eta irakasle espezializatuek edo sortzaileek unibertsitate batean egindako egonaldien bitartez gauzatzen dira.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu