IV. Irakurleen Topaketa egin dute Tabakaleran

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-07-21

Uztailaren 21 honetan elkartu dira, Tabakalerako Z aretoan, Etxepare Euskal Institutuaren bitartez 19 herrialdetako 36 unibertsitatetan euskara eta euskal kultura irakasten duten irakurle sareko 22 lagun, urtearen balorazioa egin eta etorkizunerako erronkei buruz hausnartzeko. Irakurleez gain, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko Zuzendaria, Garbiñe Iztueta Euskara Sustatu eta Hedatzeko Zuzendaria eta irakurletza sareko Lorea Hernandez teknikaria ere izan dira bertan.

Urteroko bilera honetan, aurreko edizioetan bezala, hitzaldi eta talde dinamikaz osatutako egitarauaz gozatu dute parte hartzaileek. Hasteko, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak agurra egin diete irakurle guztiei, urte zail honetan burututako lan paregabea eskertuz irakurleei.

Pasa den ikasturteko bizipenak elkarbanatu ondoren, Garbiñe Iztuetak hartu du hitza, aurtengo ikasturtearen laburpena egin eta datorreneko lan ildo nagusien berri emateko. Nabarmendu du, besteak beste, 5 irakurle berri hasiko direla datorren ikasturte honetan irakurletzetan lanean eta hitzarmen berrietan ari direla lanean Estatu Batuetako zein Galesko unibertsitate banarekin. Bikaintasuna Euskal Ikasketetan udako ikastaroaren ebaluazioa ere egin dute, positiboa izan dena oro har, eta Euskara Munduan programaren inguruan hausnartu dute gero.

Ondoren, Lorea Hernandez Institutuko Irakurletza sareko teknikariak, irakurleen arteko talde dinamika gidatu du, esperientziak partekatu eta hurrengo urteko erronkei buruz eztabaida zezaten irakurleek.

Hitza hartzen azkenak irakurleak berak izan dira; galderak, proposamenak eta iruzkinak egiteko aukera izan dute. Bazkalondoan, AIKO dantza taldearen tailerra izango dute Sabin Bikandiren eskutik, eguneko egitaraua itxiko duena.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu