Nazioarteko euskara eta euskal kulturako 13 irakurle elkartu dira Donostiako Tabakaleran

2025/07/14

Euskara. Kultura. Mundura.

Iragan uztailaren 11n elkartu ziren nazioarteko euskara eta euskal kulturako 13 irakurle Donostiako Tabakaleran, Etxepare Euskal Institutuak antolatutako topaketan. Zortzigarren edizioa du aurtengoak, eta Etxepare Euskal Institutuak hitzartuta dituen unibertsitate-programa ezberdinetan euskara eta euskal kultura eskolak ematen dituzten irakurleek hartu zuten parte. Beroriei harrera Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Monika Madinabeitia  Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak eskaini zieten. Urtero legez, norbere esperientziak partekatzeko eta elkarrengandik ikasteko helburua du topaketak. 

Jardunaldiaren hasieran, Beñat Flores ikertzaile eta irakasleak bideogintzako formazioa eskaini zuen. Mugikor bidez bideoak editatzeko tresnak ezagutarazi zituen adituak, eta horrekin batera, irakurleek beren bideoa sortzeko aukera ere izan zuten. 

Horrez gain, Etxepare Euskal Institutuak datorren ikasturtera begira irakurletzentzat eskainiko dituen berrikuntzak aurkeztu zituen Monika Madinabeitiak eta Etxepare Euskal Institutuko lantaldeak. Besteak beste, erakundearen Euskara Sustatu eta Hedatzeko sailaren eta berorrek mantentzen duen irakurletza-sarearen berri eman zuten.  

Jardunaldiaren bukaera aldera, irakurleek Etxepare Euskal Institutuak antolatutako liburu-azokaz gozatzeko beta izan zuten. Bertan, euskara eta euskal kulturarekin lotura zuzena zuten argitalpenak eskura zitezkeen, irakurleek beren eskoletan balia ditzaten.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>