Irene larraza eta Alain Maya ´Atlantik 1050´ proiektuari buruz hizketan

2019/07/24

Euskara. Kultura. Mundura.

´Atlantik 1050´ Eskozia eta Euskal Herriko dantzari eta musikarien artean sortutako dantza ikuskizunaren haritik, Kulturklikek Irene Larrazari, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria eta Alain Mayari, dantzari, koreografo eta ‘Atlantik 1050’ proiektuko aholkulariari elkarrizketa bat egin die. Euskara eta Euskal kultura zabaltzeko helburuarekin, Etxepare Euskal insitutuak aurrera daraman #ScotlandGoesBasque iniziatibaren baitan kokatzen da ‘Atlantik 1050’ ekintza. Hau da Kulturklikek egindako elkarrizketa:

´Atlantik 1050´ Eskozia eta Euskal Herriko dantzari eta musikarien artean sortutako dantza ikuskizunaren haritik, Kulturklikek Irene Larrazari, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria eta Alain Mayari, dantzari, koreografo eta ‘Atlantik 1050’ proiektuko aholkulariari elkarrizketa bat egin die. Euskara eta Euskal kultura zabaltzeko helburuarekin, Etxepare Euskal insitutuak aurrera daraman #ScotlandGoesBasque iniziatibaren baitan kokatzen da ‘Atlantik 1050’ ekintza. Hau da Kulturklikek egindako elkarrizketa:

Euskal Herriko eta Eskoziako sorkuntza artistikoa ardatz duten jarduerak garatzen ari da aurten Etxepare Institutua, #ScotlandGoesBasque dinamikaren baitan. Zein helbururekin abiatu zenuten programa hau?

Irene Larraza: Etxepare Euskal Institutuaren xede nagusia da euskal kultura, sorkuntza eta euskara bera mundu osoan ezagutzera ematea. Horrekin batera, hauen ikusgarritasuna indartzeko helburuarekin, bide berri bati ekin diogu: estrategikoa den herrialde batean inpaktu nabaria izango duten ekintzak gauzatzea.

Kasu honetan, 2019an, Eskozian egiten ari gara hori. #ScotlandGoesBasque programak bilatzen duena da euskal kultur sorkuntza Eskozian ezagutzera ematea eta, era berean, kultura, arteak eta hizkuntzaren bidez haiekin harremana estutzea.

Eskoziak, guk bezala, kultur nortasun indartsu eta aberatsa du; erroekiko harrotasun hori partekatzen dugu. Eta batez ere, dinamismo handiko kultura bat da eta nazioartean puntakoak diren jaialdiak dituzte, euskal sorkuntzak nazioartean egin dezaken ekarpena aurkezteko erakusleiho paregabeak direnak.

Testuinguru honetan, hain zuzen ere, sortu zen "Atlantik 1050" ikuskizuna. Zein da bere jatorria?

I. L.: Dance Base, Eskoziako dantza zentro nazionalarekin elkarlanean prestatu dugu Fringe jaialdian egongo den euskal partaidetza. Euskal Herrira etorri ziren, eta bertako sortzaileen lanak ikusi eta gero erabaki zuten Edinburgon zer programatu.

Hautatutako beste dantza proposamen ezberdin batzuk jaialdian txertatzeaz gain, interes handia agertu zuten euskal dantza tradizionalarekiko ere. Eta bi herriek dantza tradizionalaren errepertorio aberats eta original baten jabe direnez, biak uztartzea erabaki genuen, Dance Base zentroaren eta horrelako zerbaiten bila ere bazebilen Atlantikaldia jaialdiaren laguntzaz. Emaitza “Atlantik 1050” ikuskizun berria izan da.

Alain Maya: Bai, Etxepare Institutuaren eta Errenteriako Atlantikaldia Jaialdiaren arteko elkarlan batetik sortu zen “Atlantik 1050” ikuskizuna. Gipuzkoako jaialdiko kideak, herriko dantza taldea izanik, Ereintza Dantza taldearekin jarri ziren harremanetan eta beraiek azaldu ziguten ze asmo zuten. Eta horrela pixkana pixkanaka proiektua gorpuztuz joan zen. Niri arduradun lanak egiteko proposamena egin zidaten eta poliki poliki dantzari taldea sortu, ideia ezberdinak landu, Dance Base-rekin harremanak sendotu… eta horrela, prozesu horretan bai ni, Ereintza taldea, Etxepare Institutua, Atlantikaldia, Dance Base… denok elkarrekin aurrera atera dugun proiektua da hau.

Nolakoa izan da lantaldearen hautaketa prozesua? Zein irizpiderekin osatu da?

A. M.: Dantzarien hautaketari dagokionez, Atlantikaldiak bultzatutako proiektua izanik, Errenterian kokatu behar dugu testuingurua. Hasiera batetik erabaki zen Ereintza dantza taldeko dantzariak izango zirela lantaldearen oinarri sendoena. Gerora, aniztasuna mantentze aldera, beste herrietako dantzariekin harremanetan jarri gara eta nahiko talde anitza osatu dugu: Errenteriako dantzariez gain, Oiartzungoak eta Zumaiakoak ere baditugu, eta baita Nafarroatik ere bai, Elizondoko bi dantzari taldean dugularik. Bestetik, Hernani eta Donibane Lohitzunekoak diren txalapartari bi ditugu.

Ondorioz, esan bezala, nahiko talde anitza dugu bai herritartasuna kontuan hartuta zein dantza estiloari dagokionez. Izan ere, hori izan da bilatu duguna, aniztasun hori taula gainera eramatea.

Koreografiaren diseinuaren lanean hasi baino lehenago, eskoziar eta euskal dantza tradizionalen inguruko hausnarketa eta ikerketa prozesu bati ekin diozue. Nolakoa izan da aurre-lanketa hau?

A. M.: Prestaketari dagokionez, egin genuen lehenengo gauza Jen Wren dantzari, koreografoa eta proiektuaren zuzendari artistikoaren eta nire arteko informazio trukea izan zen. Hasiera batean bideoak eta testuak elkar trukatu genituen –berak euskal dantza ezagutzeko eta nik Eskoziakoak ezagutzeko– eta horren ondotik, Eskoziako partaideek lehenengo egonaldia egin zuten hemen bertan, ekainaren hasieran.

Egun horietan, gure helburu nagusia bera ondo hornitzea izan zen, euskal dantzen inguruko ideia egin zezaten. Testuinguru honetan, Ereintza Dantza Taldearen emanaldi bat ikusteko aukera izan zuten, beraiekin tailer bat egiteko aukera ere bai, Pasaiako Elkartasuna taldekoek egindako Zuberoako Maskarada ezagutu zuten, beste tailer bat egin zuten Kukai Dantza Konpainiarekin… Musikariekin biltzeko aukera ere izan genuen. Izan ere, Jen Wrenekin batera Amy Geddes bibolin-jolea etorri baizen, musika sortzeaz arduratuko den musikaria, alegia. Berak zenbait erritmo eta musika ezagutu nahi zituen, eta horri ekin genion. Abiapuntu honetatik, pixkanaka pixkanaka ideia ezberdinen gainean lanean hasi ginen. Berehala ohartu ginen zenbait erritmo errepikatzen zirela, edo behintzat parekotasun handiak zeudela bi estiloen artean. Baita urratsei dagokionez ere, antzekotasunak zeudela zenbat mugimendutan, eta horiei tiraka hasi ginen pausuz pausu koreografia aurrera eramaten.

Oraindik horretan dihardugu. Gaur egun gure harremana birtuala da. Hau da, telefonoz edo bideo bitartez egiten dugu lan batez ere. Aldi berean, nik hemen nire taldearekin egiten dut lan eta bera berdin eskoziarrekin, eta oraingoz horrela ari gara funtzionatzen.

Datorren astean ni Edinburgora joatekoa naiz, lau eguneko egonaldia egitera, eta bertan izango dut hango dantzariekin lan egiteko aukera eta uztarketa horretan gehiago sakontzeko aukera, gure estiloa haien dantzetan nola sar genezakeen eta alderantzizkoa.

Hortaz, eskoziar eta euskal dantza tradizionalen sinbiosia bilatzen du ikuskizunak, beti ere lengoai eszenografiko garaikideen bitartez ulertuta. Zer nolako emaitza espero duzue bi diziplina hauen uztarketaz?

A. M.: Bueno, nik uste dut bai euskal dantzak zein Eskoziako dantzak gaur egun oso present ditugula. Gurean, euskal dantzari dagokionez, talde mordoa ditugu, erromerietan, herriko jaietan, plazetan... Dantza oso present daukagu eta horrek esan nahi du garaikidea ere badela euskal dantza. Gauza bera gertatzen da Eskoziako dantzarekin.

Guk bi dantza estilo hauetaz baliatu gara “Atlantik 1050” ikuskizuna sortzeko eta horrek esan nahi du, alde horretatik, garaikideak direla, noski. Guk bi lengoai tradizional erabili ditugu, eta gure ekarpen txikiak egin ditugu uztarketa horiez gain: mugimenduak, janzkerak… gauza horiek oraindik lotzen gabiltza, baina argi dago gaur egungo begirada batetik egindako sormen lana dela, bi lengoai tradizionaletik abiatzen bagara ere. Eta nik uste dut ariketa hauetatik asko aberasten dela gure dantza ondasuna. Zentzu honetan, gurea ikuskizun aberasgarria izango da.

Kale Ikuskizuneko bi Jaialdi esanguratsutan estreinatuko da "Atlantik 1050", Edinburgh Festival Fringe delakoan eta Errenteriako Atlantikaldiajaialdiaren baitan. Bata eta bestearen ezaugarri propioak kontuan hartuta, zer nolako ekarpena egingo diote lanari bi eszenatoki ezberdin hauek?

A. M.: Ba, ildo berdinetik, bi esperientziak oso aberasgarriak izango direla pentsatzen dut.

Edimburgoko Fringe Festibalak nik pertsonalki ez dut ezagutzen baina, aski ezaguna da, oihartzun handikoa. Asko irakurri dut eta gauza asko entzun ditut horren inguruan. Kale animazioaren eremuan Europako Jaialdirik handienetarikoa dugu, giro aparta egoten da. Bertan hiru saio eskainiko ditugu egun berean, kalean, eguneko hiru momentu ezberdinetan. Eta nik uste dut berezi izango dela, zuzenean ikusiko dugulako zer nolako harrera izango duen bi dantza estilo ezberdinen nahasketa, Euskal Herrikoa eta Eskoziakoa... Bestaldetik, kontuan izan behar dugu ere bai Fringe hain dela handia, hain eskaintza zabala duen, hainbeste jende ibiltzen dela kalean aurrera eta atzera… baso edo oihan horretan gure “Atlantik 1050” ikuskizunak zer lekua hartzen duen ikusteko irrikan gaudela.

Atlantikaldian, berriz, honez gero 6 urte dira jaialdia martxan jarri zela. Hemen ere giro aparta egoten da, eta oso errotua dago Errenterian. Aldi berean, bisitari asko erakartzen ditu. Jaialdia honen baitan oso lan polita egiten da Errenterian uztarketaren inguruan musikari ezberdinen artean. Kultura ezberdinetako musikariak nahasten dira, dantzariekin ere gauza bera gertatzen da, eta beste arte diziplinekin ere bai… Beraz, ikusiko dugu zein den publikoaren erantzuna. Nik uste dut oso polita izango dela ikustea han eta hemen, zer nolako harrera izango duen.

Bestetik, egia ere bada helburu jakinik ez dugula izan. Nik uste dut proiektu hau martxan jartze hutsa, honezkero, arrakasta bat dela. Iruditzen zait bertan parte hartuko dugunentzako esperientzia zoragarria izango dela (izan ere, horrela ari da izaten dagoeneko). Hainbestetan aipatzen ditugun zubi horiek –kultura ezberdinen loturak gauzatzen dituztenak– eraikitzeko aukera paregabea da, Eskoziako kultura ezagutzeko eta bizitzeko aukera izango dugu eta beraiek gauza bera euskal dantza eta kulturarekin… Pentsatzen dut horrekin dagoeneko asko dugula irabazita. Gero emaitza zein izango den? Ez dakigu, baina ziur oso proposamen aberasgarria eta polita izango dela. Horrekin geratzen gara.

Dagokigun ikuskizunaz gain, zeintzuk dira #ScotlandGoesBasque programak hurrengo asteotan aurkeztuko dituen jarduerak?

I. L. Abuztuko bigarren astea oso indartsua izango da euskal sortzaileen partaidetzari dagokionez. Fringe jaialdiaren baitan, abuztuaren 7a eta 11a bitartean, “Atlantik 1050” ikuskizunaz gain, Tio Teronen Semeak, Akira Yoshida, Krego-Martin Danza eta 2Theatre ariko dira Fringen, eszenatoki ezberdinetan. Eta aldi berean egiten den Edinburgh International Book Festival-en Iban Zaldua, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga eta Eider Rodriguez egongo dira; Danele Sarriugarte ere bertan izango da, eta Eñaut Elorrieta eta Joseba Etxegoien musikariek ere parte hartuko dute programan. Orotara, 56 artista joango dira gurekin uda honetan Edinburgora.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu