Itzulpen poetikoko mintegia Gasteizen
Euskara. Kultura. Mundura.
Otsailaren 4tik 7ra burutuko da Gasteizen Itzulpen poetikoko mintegia. Lau euskal poeta, 2 poeta katalan eta 7 itzultzailek parte hartuko dute itzulpengintza topaketa honetan. Astelehenean irakurketa poetiko bat egingo da UPV/EHUren Letren Fakultatean.
2015 urtean Etxepare Euskal Institutuak eta Institució de les Lletres Catalanes (ILC) erakundeak Katalunian Itzulpen poetikoko mintegia antolatu zuten. Tere Irastorza eta Karlos Linazasoro izan ziren poeta eta itzultzaile katalanekin Farrera de Pallarseko Arte eta Natura Zentroan gonbidatu gisa egon ziren euskal poetak.
Joan-etorriko bidaia honen bigarren zatia Gasteizen burutuko da Otsailaren 4tik 7ra. Oraingoan Esteve Plantada eta Gràcia Jiménez izango dira Euskal Herrira etorriko diren poeta katalanak. Haiekin parte hatuko dute mintegian Itxaro Borda, Leire Bilbao, Juan Kruz Igerabide eta Beñat Sarasola poetek, eta Gerardo Markuleta, Elizabete Manterola, Joannes Jauregi, Aritz Galarraga eta Josu Zabaleta itzultzaileek. Amaia Apalauzak gidatuko du mintegia.
Otsailaren 6an, astelehena, irakurketa poetiko bat eskainiko dute UPV/EHUren Letren Fakultatean, Gasteizen, 16:00etan.
Argazkia: Aiaraldea Komunikazio Leihoa