Javier Liñera: "Barro Rojo obra sortzea behar artistiko eta pertsonala izan zen"

Euskara. Kultura. Mundura.

2017-08-22

Konpainia batean urtetan zehar lan egin ostean, Javier Liñerak bakarkako ibilbidea hasi zuen arte eszenikoen arloan 2014ean. Barro Rojo bere obra –bera du protagonista- munduan zehar biraka ibili da 2015az geroztik, nazioarteko hainbat sari entzutetsu eskuratuz: Indifest 2016 jaialdiko Ikuskizun Onenaren saria, EHGAMen 2016ko Urrezko Hirukia edota XX Max sarietarako hautagaitza. Hilabete honetan Festival Cena Contemporânea Brasilia 2017 jaialdian estreinatuko da, eta guk egilearekin hitz egin dugu obrarekin bizitakoa kontatzeko… eta oraindik bizitzear duena.

Konpainia batean urtetan zehar lan egin ostean, Javier Liñerak bakarkako ibilbidea hasi zuen arte eszenikoen arloan 2014ean. Barro Rojo bere obra –bera du protagonista- munduan zehar biraka ibili da 2015az geroztik, nazioarteko hainbat sari entzutetsu eskuratuz: Indifest 2016 jaialdiko Ikuskizun Onenaren saria, EHGAMen 2016ko Urrezko Hirukia edota XX Max sarietarako hautagaitza. Hilabete honetan Festival Cena Contemporânea Brasilia 2017 jaialdian estreinatuko da, eta guk egilearekin hitz egin dugu obrarekin bizitakoa kontatzeko… eta oraindik bizitzear duena.

 

2014an zure kabuz ekitea erabaki zenuen, eta hau bigarren obra duzu, baita pertsonalena ere. Nola jaio zen Barro Rojo?

Konpainia batean urteak eman ostean zerbait pertsonala sortzeko beharra nuen, sorkuntzan nire burua berriro aurkitzeko. Ez nuen egin epe luzera bakarkako karrera egiteko asmoz, uste dut antzerkia talde-lana dela. Are gehiago, nire asmoa etorkizunean konpainia bat sortu edo talde bateko kide izatea da. Behar artistiko eta pertsonala izan zen.

Banuen ideia bat: Frankoren kartzela eta kontzentrazio esparruetako LEGTBIQ kolektiboaren inguruan hitz egitea. Pantheatrerekin Frantzian ikasten nengoen, eta bertako Linda Wisek ni zuzendu nahi ninduela esan zidan. Denbora pasata, eta nire lotsari aurre eginaz, hari eta Daniela Molinari proposamena luzatu eta proiektuan sartu ziren. Orduan ikertzen hasi nintzen.

Ikerketan informazio ugari eskuratu nuen, eta eremu asko ireki zitzaizkidan: gay-ak, lesbianak, trans-ak… Egia esan krisi une bat izan nuen material asko nuelako, hiru orduko obra bat egiteko adina. Ez nuen hori nahi baina era berean ez nuen ideologikoki ezer ahaztu nahi. Orduan, Antoni Ruizekin elkarrizketa izan nuen eta zera gomendatu zidan: “zuk istorio bat kontatu, ezin duzu guztia zure gain hartu, hortaz politikari eta ideologoak arduratzen gara”. Horrek asko lagundu zidan.

Behar bati erantzuteko modu bat ere da obra, nondik gatozen jakiteko eta jende askoren borroka eta lanari balioa emateko beharrari. Krisia iritsi zenean hainbat eskubide erortzen hasi ziren: langileenak, emakumeenak (abortuaren lege berria…) eta pentsatu nuen eskubide horiek lortzeko atzean askoren lana zegoela, ahaztu ezin duguna. Hori izan zen abiapuntua.

 

Honela deskribatu duzu obra: “Jendea espazio batetik bestera eraman nahi duen tranpa da, ez soilik fisikoa baizik eta emozionala ere”. Zer aurkituko dute ikusleek?

Nere ustez, gaia gogorra bada ere, dramari haize pixka bat eman eta irudi ezagunak taularatu ditut. Interes handiagoa nuen memorian, historian, hausnarketan, eta horren irtenbidean; hau da, irrikan. Irakurri ditudan liburu ezberdinetan, jasaten ari zirena jasanda ere, homosexualek espazioak bilatzen zituzten kantatu eta mozorrotzeko, debekatua bazuten ere.

Uste dut ikusleak bidaia bat egingo duela emozio ezberdinetan zehar, tristeenetatik barre algaretara. Historian zeharreko bidaia da: memoria historikoa, baina sentsibilitate handiz, nik uste…

 

Ikuskizunak arrakasta handia izan du eta hainbat sari eskuratu ditu. Hori espero zenuen? Zein da zure balorazioa?

Ez, ez nuen inondik inora espero. 6- 10 bolo inguru egin ahal izatea espero nuen, ez nion sikiera izenik jarri konpainiari ez baitzen sikiera konpainia bat; gainera nire lehen lana zen profesional modura. Beraz balorazioa guztiz positiboa da. Konpainiari BARRO izena jartzea eta guzti pentsatu dut…

 

Orain Brasilen aurkeztuko duzu obra, Festival Internacional de teatro Cena Contemporánea de Brasilia entzutetsuan. Zer dakar honek zuretzat?

Asko. Nere lanaren aitortza dakar. Gaia ez da erraza. Beti bilatu izan dut artistikoaren eta edukiaren arteko oreka eta jaialdira gonbidatzeak zerbait ondo egin dudala esan nahi du. Horrek pozten nau, baita istorioa ezagutzera ematea ere. Horrelako jaialdi batek obra hau gonbidatzea…azaldu ezinezko zerbait da neretzat: asko.

 

Etorkizunera begira, zer duzu eskuartean?

Alde batetik Kabia Teatroren azken muntaian aktore lanetan nabil: “Alicia después de Alicia”. Urriaren 28an estreinatuko dugu Basaurin, Social Antzokian.

Donostia 2016ren Nuevas Dramaturgias programan ere izan naiz eta testu bat idatzi nuen: “Tendríamos que haber empezado de otra manera”. Testu hau taularatuko dut Ékoma Teatro eta Aitor Perezekin, Los Corderos konpainiako Pablo Molinerok zuzenduta. Niretzat oso konpainia interesgarria da antzerkigintzan. Uneotan Celrá-n (Girona) ensaiatzen ari gara eta 2018an estreinatuko dugu.

Beste proiektu eta ideia batzuk ere ditut eskuartean, baina horiei buruz ezer gutxi esan dezaket...

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu