Université Bordeaux Montaigne: Jean Haritschelhar Katedra 2021

Euskara. Kultura. Mundura.

Université Bordeaux Montaigne: Jean Haritschelhar Katedra 2021
  • 13
    Api 2021
    Bordele
    9:00-12:30

Etxepare Euskal Institutuak Bordeleko Unibertsitatean kudeatzen duen Jean Haritschelhar Katedrak hitzaldia antolatu du datorren hilaren 13rako. 2020an egin beharrekoak ziren egitaraua berreskuratu dute. Aurten ere aurrez aurrekoa ezin izango denez izan, sarean jarraitu ahalko da ekimena. Maitane Ostolaz Nantesko Unibertsitateko doktoreak egingo du hizketaldi nagusia, ‘Naturatik aberrira. Paisaia eta lurraldetasuna Euskal Herri garaikidean (1850-1930)’, 9:45ean.

Lehenengo, 9:00etan, aurkezpena egingo dute Nathalie Jaeck Bordeleko Montaigne Unibertsitateko Ikerketako presidenteordeak, Etxepare Institutuko Garbiñe Iztuetak eta Urtzi Etxeberria IKER-UMR 5478 laborategiko zuzendariak.

Atsedenaldia egin eta gero, ´Euskal Herriko toki eta paisaia arrunten asmakuntza (1850-1930)’ mahai ingurua egingo dute, 10:30etik 12:30era. Lau izango dira hizlariak denera: Benjamin Duinat (Historiako lizentziaturaduna eta doktoregaia Paris Sciences et Lettres eta Madrilgo Complutense unibertsitatetan; Jean Casenave (Bordeleko Montaigne Unibertsitatea), euskal paisaia objektu literario bezala 1850-1930 arteko aldian izango duena hizpide; eta Sabine Cazenave (Euskal Museoko eta Baionako Historiako Museoetako komisarioa), aztertuko duena margolarien euskal paisaiaren asmakuntza. Hizketaldia 12:30ak arte luzatzea espero da.

Astearteko ekitaldiak on-line izango dira eta hauek jarraitzeko zoom lotura honakoa da:

https://u-bordeaux-montaigne-fr.zoom.us/j/81453787439?pwd=M2p5VFJ4Sm5zWjJMS1ZVdFU2ckNsZz09

Katedraren baitan antolatutako egitarauaren bigarren zatia maiatzaren 6an egotea dago aurreikusita, Baionako Euskal Museoan. Aurrerago jakinaraziko dira saio horretako xehetasunak.

Etxepare Euskal Institutuak eta Université Bordeaux Montaigne unibertsitateak 2016an sinatu zuten lehenengoz euskal ikasketak sustatzeko hitzarmena Bordelen. Katedra honek Jean Haritschelhar hizkuntzalari eta idazle izandakoaren ikerketa eremuko euskal ikasketak, bereziki literatura eta linguistika eta iberiar ikasketak ikasketak sustatzea du, Haritschelharren beraren izpiritu izan ziren nazioarteko eta mugaz gaindiko harremanak  bereziki zainduz. Jean Haritschelhar Katedra Etxepare Euskal Institutuak zabaldu duen zortzigarrena da. 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu