Jon Bilbao Katedra 2026: Ander Beristain
Euskara. Kultura. Mundura.
-
12Ira 202611Urr 2026
Reno
Etxepare Euskal Institutuak Renoko University of Nevada unibertsitatean sustatutako Jon Bilbao Katedrako aurtengo ikerlari gonbidatua Ander Beristain da. Estatu Batuetan egingo duen ikerketa-egonaldian, Ipar Amerikako euskal diasporaren testuinguruan hizkuntzaren garapena, jabekuntza eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioa aztertuko ditu, haur zein helduen artean.
Ander Beristain (Azpeitia, 1993) Hizkuntzalaritzan eta Bigarren Hizkuntzen Jabekuntzan doktorea da (University of Illinois Urbana-Champaign, 2022). Gaur egun, Hizkuntzalaritzako irakasle agregatua da Saint Louis Universityn (AEB), eta baita bertako Espetxe Hezkuntza Programaren koordinatzaile akademikoa ere. Haren ikerketak fonologia eta fonetikako gaiak jorratzen ditu, bereziki hizkuntza-gutxituen eta bigarren eta ondare-hizkuntzen jabekuntzaren ikuspegitik.
Bere ibilbide akademikoan, liburu kolektibo baten edizioan parte hartu du, Azpeitiko euskararen hiztegi fonologiko bat argitaratu du, eta hainbat artikulu zientifiko eta liburu-kapitulu plazaratu ditu.
Jon Bilbao Katedraren baitan egingo duen ikerketa-egonaldiaren helburu nagusia hizkuntza-garapena, jabekuntza eta transmisioa aztertzea da Ipar Amerikako euskal diasporaren testuinguruan. Horretarako, hizkuntza-inputaren eta pertsonen arteko harremanen nahiz sare sozialen eragina ikertuko da, baita horiek hizkuntza-kognizioan eta hizkuntza-produkzioan duten eragina ere.
Proiektuaren lehen fasea Renon (Nevada) eta Boisen (Idaho) gauzatuko da, bertako euskal hiztun zaharren, haien ondorengoen eta euskara-ikasleen hizkera aztertuz, eta, horrela, aurretik sortutako datu-baseak eguneratuz. Horrez gain, Boiseko Ikastolan ikerketa egingo da bertako haurren euskara-jabekuntza aztertzeko, euskara ondare-hizkuntza dutenen eta ez dutenen arteko alderaketa eginez. Proiektuaren bigarren fasea, etorkizunean gauzatuko dena, Argentinako euskal diasporan zentratuko da.
Beristainek egingo duen egonaldian bi hitzaldi emango ditu: lehena, Boisen, herentziazko hizkuntzen mantentzearen garrantziaz eta murgiltze-ereduko eskolen onurei buruz; eta bigarrena, Renon, Center for Basque Studies-en, migrazioak hizkuntza garapenean duen eraginari buruz.
Jon Bilbao Katedra
2014an sortua, katedraren helburua da euskal diasporari eta euskal kulturari buruzko ikerketa eta ezagutza nazioartean sustatzea eta horretarako lankidetzan jardutea. Katedrak irakasle bisitari batentzako ikerketa-beka sortu du, Jon Bilbao Visiting Research Fellow deiturikoa, urtero edo bi urtean behin berritzen dena. Onuradunak Nevada-Renoko Unibertsitateko Center For Basque Studies-en izango du egoitza, hori baita Ameriketako Estatu Batuetako euskal diasporaren gaineko ikasketetako irakaskuntza eta ikerketa erakunde nagusia. Egonaldiari lotuta ikertzaile gonbidatuak ikerketa lanaz gain, zeregin nagusietakoa du ikerketa emaitzen zabalkunde lana egitea nazioartean.