Abian da Jon Bilbao Katedran ikerketa-egonaldia gauzatzeko deialdia (2024)

Euskara. Kultura. Mundura.

2024-02-23

Etxepare Euskal Institutuak eta Nevada System of Higher Education zentroak argitaratu dute Nevada Renoko Unibertsitatean (AEB) sustatzen duten Jon Bilbao Katedra burutuko duen ikertzailea hautatzeko deialdia, eta eskabideak egin ahalko dira otsailaren 23tik martxoaren 25era.

Hautatua den adituak hilabeteko egonaldia egingo du Nevada Renoko Unibertsitatean, 2024ko abuztutik abendurako tartean, eta euskal diasporaren inguruko ikerketa proiektua burutuko du. Deialdia Nevadako Unibertsitatearen eta Etxepare Euskal Institutuaren webguneetan dago argitaratuta; gure webgunekoa esteka honetan aurki daiteke. Bertan agertzen diren xehetasunen arabera, beharrezko dokumentazioa korreo postalez eta korreo elektronikoz bidali beharko da, besteak beste.

2014an sortua, Jon Bilbao Katedraren helburua da euskal diasporari eta euskal kulturari buruzko ikerketa eta ezagutza nazioartean sustatzea eta horretarako lankidetzan jardutea. Katedrak irakasle bisitari batentzako ikerketa-beka eskaintzen du, Jon Bilbao Visiting Research Fellow, urtero edo bi urtero berritzen dena. Onuradunak Nevada-Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studiesen (CBS) izan ohi du egoitza, hori baita Ameriketako Estatu Batuetako euskal diasporaren gaineko ikasketetako irakaskuntza eta ikerketa erakunde nagusia.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu