Juan Aizpitarte Senegalen eta Ixone Ormaetxea Burkina Fason, Share Concept sarearen baitan proiektu bana garatzen
Euskara. Kultura. Mundura.
Afrikako hainbat herrialdean interbentzio artistikoak egitea helburu du Share Concept sareak, eta bi euskal artistak proiektu bana egingo dute bertan. Juan Aizpitarte Senegalen egon da urtarrilean eta Ixone Ormaetxea Burkina Fason egongo da, urtarrilaren 23tik otsailaren 2ra arte; arte plastikoen esparruko proiektu bana prestatzen ari dira bi sortzaile hauek 2020an Etxepare Euskal Institutuak Eslobeniako Zavod Exodos erakundearekin sinatu zuen hitzarmenari esker.
2020an garatu behar zen proiektua, baina pandemiaren ondoriozko oztopoen eraginez, bi euskal artistak 2022ko urtarril honetan joatea lortu dute. Juan Azpitarteren proiektuak ‘Art and tourism observatory’ du izena, eta kulturaren bueltako turismo eskaintzaren ingurukoa da. Lehen fasea burutu berri du Senegalen, hau da, proiektuaren prestaketa eta ikerketa lanarena. Bigarrenean, workshopa, proiektuaren aurkezpena eta erakusketa egingo ditu.
Ixone Ormaetxearen proiektuak ‘Many Melo (Many colours)’ du izena, eta otsailaren 2ra arte iraungo du prestaketa eta ikerketa faseak. Gero, workshopa egingo du Ormaetxeak ere, Le Centre de Formation Professionnelle de Ouakam-en, Senegalen. Helburuak dira sormena suspertzea, ehungintzako trebetasun eta diseinu tradizionalak ikastea, diseinu eta lan-metodo berriak ezagutzea; eta produktuen aurkezpena egitea.
Kultur adituen ekimena
Share urte anitzeko proiektua da (2020-2024), Europan, Afrikan eta Ekialde Hurbilean hezkuntzan eta sorkuntzan zentratua. Ekoizleen, artisten eta kultur adituen ekimena da, arteak eta sormenak komunitate hobeak eraiki ditzaketela eta gizarte hobeago baterako berrasma ditzaketela uste baitute.
Horrela, 2 kontinente, 9 herrialde (Senegal, Kamerun, Burkina Faso, Kroazia, Italia, Espainia, Eslovenia, Frantzia, Palestina) eta 11 hiri lotzen dituen nazioarteko proiektu bat da. Hori dela eta, teknikari, ekoizle, artista gazte, komunitate eta talde berezien (haurrak, gazteak, desgaitasuna duten pertsonak, presoak, etab.) gaitasunak sustatzeko arreta jarriz diseinatu dute proiektua. Arteak euren ikuspuntua eta ezagutza zabaltzeko tresna izan daitekeela uste dute.
Jarduerak Senegalen eta Burkina Fason egingo dira, talde berezien (emakumeak, presoak, gazteak, artistak), teknikari, ekoizle eta arduradun politikoen gaitasunak sustatzeko, tresnak zorroztuz, ekintza kultural esanguratsurako ikuspegiak zabaltzeko, garatzen laguntzen dutenak.