June Crespo Lyongo 18. Bienalean

2026/09/18

June Crespok Lyongo 18. Bienalean hartuko du parte Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzarekin, ZABAL eta Ça colle au basque ekimenen baitan.

Euskara. Kultura. Mundura.

June Crespo artistak (Iruñea, 1982) Lyongo 18. Bienalean hartuko du parte, Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzarekin. Nazioarteko arte garaikidearen hitzordu nagusietako bat den bienala irailaren 19an irekiko da eta abenduaren 13ra arte egongo da ikusgai. Cresporen parte hartzea ZABAL programaren baitan kokatzen da, euskal sorkuntza garaikidearen nazioartekotzea sustatzeko Etxepare Euskal Institutuak bultzatutako programan.

1991n sortu zenetik, Lyongo Bienala Frantziako arte garaikidearen ekitaldi nagusietako bat eta nazioarteko erreferentziazko hitzordua bilakatu da.

Gorputza, arkitektura eta materia

Eskulturaren bidez, June Crespok gorputzaren, arkitekturaren eta materiaren arteko harremanak aztertzen ditu. Hormigoia, erretxina, metala eta aurkitutako elementuak erabiltzen ditu, eta moldekatze-, zatikatze- eta mihiztatze-prozesuen bidez organikoaren eta industrialaren artean mugitzen diren formak sortzen ditu. Bere lanek arreta berezia eskaintzen diete eskalari, hurbiltasunari eta gorputzek espazioa bizitzeko duten moduari.

Azken urteotan bakarkako erakusketak aurkeztu ditu, besteak beste, Guggenheim Bilbao Museoan, CA2Mn, Artium Museoan, Vienako Secession-en eta Fondazione Sandretto Re Rebaudengo-n. 2022an Veneziako 59. Bienaleko The Milk of Dreams erakusketa nagusian hartu zuen parte.

Catherine Nichols-ek komisariatutako Lyongo Bienalaren 18. edizioak Passer d’un rêve à l’autre du izenburu. Lyongo traboules direlakoetan inspiratuta, harremanen, trukeen eta zirkulazio-moduen inguruko gogoeta proposatzen du.

ZABAL programa

June Cresporen parte hartzea ZABAL programaren baitan kokatzen da. Etxepare Euskal Institutuak 2019an jarri zuen martxan programa, euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa sustatzeko eta nazioarteko arte-testuinguruarekin dituen loturak sendotzeko.

Programak epe luzerako lankidetza-sareak sustatzen ditu artisten, profesionalen, eragileen eta erakundeen artean, eta nazioarteko komisario, kritikari eta erakundeetako arduradunei euskal arte-testuingurua zuzenean ezagutzeko aukera eskaintzen die. June Crespok berak Veneziako Bienalean hartu zuen parte 2022an programa honen testuinguruan.

Ça colle au basque

June Cresporen Lyongo parte hartzea Ça colle au basque ekimenarekin ere lerratzen da. Etxepare Euskal Institutuak sustatutako egitasmoaren helburua da euskal kulturak eremu frankofonoan duen presentzia eta proiekzioa indartzea.

Ekimenak lankidetza kultural eta profesionalak bultzatzen ditu Frankofoniako erakunde, jaialdi eta eragileekin, euskal sorkuntzak eremu horretan presentzia iraunkorragoa izan dezan. Cresporen parte hartzeak, horrela, ZABALen bidez sustatutako arte plastiko eta ikusizkoen nazioartekotzea eta euskal kulturaren proiekzio frankofonoa uztartzen ditu.

Euskal arteari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>