Iratxe Ansak `Biluzik´ eramango du Veneziako Bienalera
Euskara. Kultura. Mundura.
Iratxe Ansa koreografo eta dantzari donostiarra izango da XV. Biennale di Venezian parte hartuko duen Estatuko artista bakarra. Uztailaren 23tik abuztuaren 1era egingo den jaialdi entzutetsu honetan, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin, Metamorphosis Dance konpainiak (Ansak berak zuzendua Igor Bacovich koreografo eta dantzariarekin batera) `Biluzik´ (Al desnudo) ikuskizunaren emanaldi bakarra egingo du uztailaren 26an, astelehena.
`Biluzik´ 55 minutuko duetoa da, 2019ko Madrid Dantza Jaialdiaren esparruan estreinatua, zuri-beltzeko lana da, Ansa zein Bacovichen lan zorrotz eta biziki fisiko bezain bertutetsua gauzatzen duena. Piezak bi interpreteak abiaduraz, zehaztasunez eta bizkortasunez mugitzen ditu eszena-eremu zainduan zehar, zeinean Johan Wieslander eta Philip Glassen argiak eta musikak bat egiten duten giro iradokitzaile bat sortzeko.
Hain zuzen ere, duela gutxi jakinarazi dituzte 2021 Arte Eszenikoen Max Sarietarako hautagaiak, eta Iratxe Ansa -hogei urtez baino gehiagoz munduko dantza garaikideko konpainiarik onenetan aritua-, `Biluzik´ lanagatik bi kategoriatan hautatu dute: emakumezkoen dantza-interpreterik onena eta koreografiarik onena, Igor Bacovich lankidearekin batera. Iaz, 2020ko Dantza Sari Nazionala jaso zuen Ansak interpretazio-modalitatean.