Karmele Jaio euskal literaturaren ordezkari gaurtik aurrera Guadalajarako FIL azokan
Euskara. Kultura. Mundura.
Karmele Jaiok euskal literatura ordezkatuko du, gaurtik aurrera, Mexikoko Guadalajarako FIL azokan, Iberoamerikako liburu azoka garrantzitsuenean. Gaur goizean Escuela nº 11 Cuautitlan Izcalliko ikasleekin elkartuko da, literaturari buruzko topaketa batean; arratsaldean bere irakurleekin solasteko aukera izango du, FILen bertan, "Amaren eskuak" bere eleberriari buruz. Bihar Nazioarteko Ipuilarien Topaketan esku hartuko du, Txileko Alejandra Costamagna, Boliviako Edmundo Paz eta Argentinako Ana María Shua idazleekin batera. FIL azoka mundu osoko profesionalei zuzendutako feria den arren, puntako kultur jaialdi ere bilakatzen duten ekintza ireki ugari ere antolatzen ditu.
Etxepare Euskal Institutua, bitartean, euskal literaturaren sustapen lanetan ari da azokan -abenduaren 3tik 7ra-, Mari Jose Olaziregi Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendaria buru delarik eta euskal editoreek haien standean utzitako tokia baliatuz. Institutuak aurtengo Frankfurteko Liburu Azokan aurkeztu zuen 10 Books from the Basque Country 2013 katalogoa eraman du Institutuak Mexikora, nazioarteko eragile ezberdinei egungo euskal literaturaren laginak erakustea xede duena.
Aurten katalogorako hautatutako egileak honakoak izan dira: Iñigo Aranbarri, Rikardo Arregi, Bernardo Atxaga, Mikel Ayerbe, Harkaitz Cano, Karmele Jaio, Miren Agur Meabe, Eider Rodriguez, Ramon Saizarbitoria eta Kirmen Uribe. Segidan Mexiko DF aldera joko dute: "Karmele Jaio, literatura vasca actual con voz de mujer" izenburu duen hitzaldia eskainiko du idazleak abenduaren 9an UNAM Universidad Autónoma Nacional de México unibertsitatean.
Centro de Creación Literaria Xavier Villaurrutia kultur gune ezagunean ere izango da, Mari Jose Olaziregirekin batera, "Voces de mujer y márgenes de la literatura vasca" solasaldi eta literatura-irakurketan. Biharamunean euskal literaturaren gaineko irratsaio bateko protagonista ere izango da idazlea, UIA Universidad Iberoamericana Ciudad de México unibertsitatean.