Karmele Jaioren lanari eta euskal literaturari buruz Mexiko DFn
2013/12/10
Euskara. Kultura. Mundura.
Guadalajarako FIL azokan parte hartu eta gero, Karmele Jaio euskal idazlea Mexiko DFn da honezkero, Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendariarekin batera. Atzo, abenduaren 9an, eskaini zituen bi hitzaldietan, euskal idazleak bere esperientziaren berri eman zuen eta gure literaturari buruz hausnartu. Lehen mintzaldia UNAMeko ikasleei eskaini zien; bigarrena, Centro de Creación Literaria Xavier Villaurrutia gune ezagunera bertaratu zirenei. Jaiok euskaraz idaztearen garrantzia eta egungo euskal literaturan emakumezkoen kopuruaren gorakada nabarmendu zituen.
UNAM Universidad Nacional Autónoma de México-ko ikasleak Karmele Jaio euskal idazlearekin elkartu ziren atzo. Mexikoko unibertsitate publiko garrantzitsueneko Atzerriko Hizkuntzen Irakaskuntza Guneak (Centro de Enseñanza de Lenguas Extranjeras) bere baitan hartzen du euskal hizkuntza eta kulturari buruzko irakaskuntza, eta bertako ikasleek jakin min-handiz hartu zuten Karmele Jaio euskal idazlea. Ikasleek Jaioren lanak irakurriak zituzten aldez aurretik, eta topaketan egileari bere idazketa prozesuari, pertsonaien sortzeari eta istorioen garapenari buruzko galderak egiteko parada izan zuten.
Karmele Jaioren esanetan, oso gai unibertsalak erabiltzen ditu idazteko, eta pertsonaien eratze prozesuan bereak izan diren eta maileguan hartutako bizipenak gehitu ahal izateko, gakoa "bizitzako gauza garrantzitsuak egunerokoan bilatzea" datzala gaineratu zuen. Iraganak ere garrantzia du bere lanetan: Jaioren ustez, erronka "irakurlea denboran atzera eramatea da, baina hor dagoela esan gabe; batzuetan argazki baten, aitorpen baten, hitz baten edota abesti baten bidez lortzen da hori" Mari Jose Olaziregik gehitu zuen gizaki guztiok, garen lekukoak gareka ere, memoriaz eginak gaudela, eta iraganak bilakatzen gaituela egun garena. Gurutzne Etxeberriak emanten ditu Euskara eta euskal Kutura eskolak UNAMen, unibertsitatearen eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko hitzarmenari esker. Helburua Euskal Herria ezagutaraztea da, haren kultura, geografia, historia, motologia, eta, jakina, euskara hizkuntza ezagutuz.
Inkomunikazioa, gai iraunkorra
Pertsonen arteko komunikazio eza, esaten ez ditugun hitzak, bere lanean behin eta berriz errepikatzen gaia da, Karmele Jaiok Mexikoko hiriburuko Centro de Creación Literaria Xavier Villaurrutia gunean "Voces de mujer y márgenes de la literatura vasca" hitzaldian esan zuenez.
Elkarrizketan aritu ziren idazlea eta Etxepare Euskal Institutuko Mari Jose Olaziregi, Jaioren lana sakonki ezagutzeko eta euskal literaturaren azken urteotako bilakaera aztertzeko aukera eskainiz. Las manos de mi madre (Amaren eskuak), Mireia Gabilondok zuzendutako filmaren laburpentxo bat ikusi ondoren, Jaioren lana egungo euskal literaturako esanguratsuenetako bat dela adierazi zuen Mari Jose Olaziregik, mugak gainditzen dituzten istorioak kontatzeko duen gaitasunagatik. Euskal literatura une gozoan dagoela gaineratu zuen, ez soilik arriskuak hartzeko eta genero ezberdinekin jolasteko prest dauden idazleak ditugulako, baizik eta euskarazko literatura irakurtzen dutenen kopurua gora egiten ari delako. Euskal Herrian liburu bakoitzeko 5.000 ale inprimatzen direla esan zuen, bataz beste; alegia, gaztelaniazkoarekin alderatuta 250.000 ale kaleratzearen pareko kopurua.
Karmele Jaiok ere euskaraz idaztearen garrantzia nabarmendu zuen, irakurleari bere hizkuntzan irakurtzeko aukera emateko. Egungo euskal literaturan emakumezko idazleen gorakada ere azpimarratu zuen. Bera lana itzultzearen zaitasunaren inguruan galdetuta, Jaiok adierazi zuen berak ez duela itzulpenik egiten, berridatzi baizik, "hizkuntza hain dira ezberdinak, ezinezkoa egiten zitzaidala, esaterako Amaren eskuak, euskaraz hirugarren pertsona idatzi nuena, bere horretan erdaratzea. Itzultzen hasi nintzenean forma hori ez zegokiola ikusi nuen, ez zuela istorioarekiko jatortasuna mantentzen, eta gaztelaniaz lehen pertsonan berridatzi nuen".
Idazleak ipuin bat ere irakurri zuen hitzaldian; eleberrigile baino bere burua ipuingiletzat duela aitortu zuen, beharbada, esna zuen, kazetaritza ikasi zuelako "ipuinean oso zehatz aizan beharra dago, agertzen den guztiak zeregin jakin bat behar du".