Hautatu dira Kimuak 2026 katalogoa osatuko duten film laburrak

2026/06/08

Euskara. Kultura. Mundura.

KIMUAK programaren 29. edizioaren deialdira aurkeztutako 59 proposamenak aztertu eta gero, zazpi film labur hautatu dituzte epaimahaikideek 2026. urteko katalogoa osatzeko: ‘Aho beltza´ (Alba Lozano), ´Al otro lado´ (Pablo Esteo, June San Sebastián, Leyre Fernández, Antton Gorroño, Leire Martínez, Irune Aguirreazaldegui eta Javier Martínez), ´Bitartean, gero´ (Raúl Barreras), ´Hemen gaude´ (Sébastien Boulard), ´High River´ (Daniel Alegrete), ´Joare Tte´ (Ekaitz Bertiz) eta ´Los Divulgators´ (Pablo Hernando Esquisabel).

Etxepare Euskal Institutuaren eta Zineuskadiren bitartez egituratzen den programak euskal film laburren sustapena eta zabalkundea du xede. Urtero bezala, euskal film laburren hautaketa hau nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetara bidaliko dira honezkero.

Nazioarteko hiru profesionalek osatu dute aurtengo balorazio eta hautaketa batzordea. Aranzazu Calleja, ikus-entzunezkoetarako musika konpositorea da, eta ibilbide nabarmenduna zineman; Sven Pötting, Alemaniako Filmfest Dresden Nazioarteko Film Laburren Jaialdiko programazio koordinatzailea eta komisarioa da; eta, Pedro Toro, zinema, komiki eta edizio independentean espezializatutako kultur ekoizle eta kudeatzailea.

KIMUAK 2026 katalogoak fikzioa, dokumenta eta animazioa jasotzen ditu. Filmetako hiru euskara hutsean eginak daude eta beste bat euskaraz eta frantsesez. Batek gaztelania du hizkuntza nagusi, eta bik ez dute elkarrizketarik. Aukeratutako zazpi film laburretatik, lau egileen ibilbidearen hastapenei dagozkie, eta bi emakumeek zuzendu dituzte.

Honako hauek dira hautatutako zazpi film laburrak:

‘AHO BELTZA’

Alba Lozanok (Barakaldo, 1996) Zumaian kokatu du bere hirugarren film laburra. Euskaraz sortutako kultur proiektuen sorkuntza, ekoizpena eta zabalkundea sustatzen dituen Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren barruan garatu dute lana, eta Bilboko Platanobolígrafok eta Getxoko Monndok ekoitzi dute.

Film baten grabazio amaierako festan, Miren lantaldean bere lekua aurkitzen saiatzen da, baina gero eta bakartuago sentitzen da. Gauaren erdian, herria eta hondartzak lotzen dituen tunel sekretuaren kondaira istorio hutsa baino askoz gehiago izan daitekeela ohartuko da. Uxue Derecho da antzezle nagusia, eta harekin batera aritu dira Arnatz Puertas, Sara Nieto, Sambou Diaby, Miguel Garcés eta Itziar Manero.

´AHO BELTZA´

 

‘AL OTRO LADO’

Pablo Esteo, June San Sebastián, Leyre Fernández, Antton Gorroño, Leire Martínez, Irune Aguirreazaldegui eta Javier Martínezek Piparrak osatzen dute, Bilboko DigiPen Institute of Technology Europe eskolan graduatutako zuzendaritza eta sorkuntza artistikoko diziplina anitzeko taldea. Animazio honetan, umorea tresna gisa erabiltzen dute indibidualismoa, adikzio digitalak eta isolamendua bezalako gizarte-gatazken inguruan hausnartzeko.

Ezerezaren erdian, txakur disekatu batekin bizi den Rufi adineko emakumeak, online apustuetan murgilduta igarotzen ditu egunak, kanpoko munduarekiko axolagabekeria bizimodu bihurtuta. Baina haren eguneroko errutina hankaz gora jarriko du Bob bizilagun hippiak, bere autokarabana oihan bitxi bihurtu baitu. Landare inbaditzaileen, intsentsu arraroen eta asmo zalantzagarriz jaurtitako fruituen artean, Rufiren mundu itxia eraldatzen hasiko da, modu zirraragarri bezain entretenigarrian.

´AL OTRO LADO´

 

‘BITARTEAN, GERO’

Raúl Barreras zinemagilearen (Karrantza, 1986) bigarren lana ere Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren barruan garatu da. Baztango hainbat txokotan filmatua, proiektua zuzendariaren beraren eta Donostiako Maluta Films ekoiztetxearen arteko koprodukzioa da.

BITARTEAN, GEROn, etorkizunetik etorritako bost ikertzaile Euskal Herriko haran batera iritsi dira, beren garaian desagertutako keinuak eta emozioak erregistratzeko. Elkarrizketen eta eguneroko bizitzaren behaketaren bidez, bertako biztanleen intimitatean barneratzen dira. Baina laster, ikerketari eusten dion gailua pitzatzen hasten da: denboren arteko distantzia lausotu egiten da, fikzioak errealitatea kutsatzen du, eta espedizioak kontzientzia hartze kezkagarri baterantz egiten du bidea.

 

‘HEMEN GAUDE’

Iparraldeko kostaldean, euskarak ez du beti belaunaldiz belaunaldi bidea egiten. Hitzak ezabatzen diren tokian, euskal nortasunak beste bide batzuk aurkitzen ditu bizirik irauteko: keinuetan, itsasoarekiko loturan eta mahaiaren bueltan partekatzen diren uneetan. HEMEN GAUDE filmak hizkuntza ahultzen denean ere transmititzen jarraitzen den hori aztertzen du, hitzetatik harago ere bizi den ondare bat.

Donibane Lohizuneko Maison Adamek ekoitzitako dokumental hau Sébastien Boulardek zuzendu du. Errealizadorea eta argazki-zuzendaria, itsas kulturari eta ozeanoari estuki lotutako lana garatu du. Bere ibilbidea publizitatearen eta branded content-aren esparruan garatu bada ere, izaera pertsonalagoa eta autoralagoa duten proiektuak ere bultzatu ditu, ‘He´s Mine’ (2025) dokumentala kasu.

 

‘HIGH RIVER’

HIGH RIVER 1983ko abuztuko uholdeen testuinguruan Bilboko klub gay batean kokatutako fikzioa da. Euri-jasek itsasadarra gainezkatu eta hiria kaosean murgiltzen dute, baina “High” kluba irekita dago. Argi mozketek eta kanpoko ezegonkortasunak bere jarduera tarteka eteten badute ere, zenbait gizonek elkartzen jarraitzen dute, aldi baterako aterpe eta desiraren espazio horrek sostengaturik. Pixkanaka, barnealdearen eta kanpoaldearen arteko muga lausotu egiten da: ura iragazten hasten da, putzuak sortzen dira eta euriaren etengabeko soinuak kluba inbaditzen du, baztertu ezin den errealitatea agerian utziz.

Daniel Alegrete (Madril, 1993) Film.Factoryn (Sarajevo), LAVen eta EQZEn (Elías Querejeta Zine Eskola) trebatu den zinemagilea da. Fikzioaren eta zinema esperimentalaren artean lan egiten du, eta beldurra zein ikuspegi queera jorratzen ditu memoria, desira eta identitatea aztertzen dituzten kontakizunen bidez. 2021etik Bilbon bizi da, eta han sortu zuen Lapislázuli Films ekoiztetxea.

 

‘JOARE TTE’

Neguan joareak ozen entzuten diren ibar batean, Aiarak joaldun izatearekin amesten du. Inauteriak hurbildu eta beste haurrak prestatzen diren heinean, etxean esaten diote joareak jantzi ahal izateko, badirela ulertu behar dituen gauza asko.

Ekaitz Bertiz (Sunbilla, 2003) nafar zuzendari eta gidoilaria da. Bere lanek Bidasoaldeko istorioak, memoria eta iruditeria jorratzen dituzte, lurraldeari errotutako begirada intimo eta garaikide batetik. Javier Calvo eta Javier Ambrossiren ‘La bola negra’ film luzeko zuzendaritza taldean ere ibili da azken hilabeteetan. JOARE TTE bere bigarren lana da Kimuaken, iazko katalogoan ‘Erreka zoko hortan’ lanarekin parte hartu ostean.

 

‘LOS DIVULGATORS’

Julian Genisson du protagonista Bartzelonako D’A jaialdian estreinatu berri den distopia dibertigarri honek. 80ko hamarkadaren amaieran, iraultza sozialista batek lana abolitu zuen, eta, ordutik, Estatuak biztanleriaren behar guztiak asetzen ditu. Trukean, herritarrak erabilera publikoko telebista saio bat aurkeztera deituak izan daitezke.

Pablo Hernando (Gasteiz, 1986) sortzaile arabarrak zinema independentean eta esperimentalean garatu du bere ibilbidea. EHUn Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi ondoren, nazioarteko hainbat jaialditan hautatu eta saritutako film laburrak eta luzeak zuzendu ditu; horien artean dago ‘El ruido solar’, Kimuak 2020 katalogoan hautatua. Juan Cavestany eta Julián Génissonekin lan egin du ‘Esa sensación’ film ospetsuan, besteak beste. Bere azken film luzea, ‘Una ballena’, Sitgeseko jaialdian estreinatu zen 2024ean.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>