KIMUAK programan parte hartzeko deialdia, irekita

2026/04/21

Euskara. Kultura. Mundura.

Euskal film laburrak sustatu, zabaldu eta banatzeko KIMUAK programa publikoaren deialdia irekia da dagoeneko. Hautaketa-prozesu honetako ikus-entzunezko lan onuradunak KIMUAK 2026 izenpean bilduko dira, eta gune espezializatuetan sustatuko dira, bai Euskal Herrian, bai nazioartean ere. Aurreko edizioetan bezala, aukeratutako lanek zuzkidura izango dute film bakoitzaren ekoizlearentzat, banaketa-zerbitzuak kontratatu eta horri lotutako gastuak estaltze aldera.

Deialdian parte hartu nahi duten izangaiek 30 minututik beherako iraupena duten filmak aurkeztu beharko dituzte. Parte-hartzaileek, halaber, nahi adina film aurkez ditzakete, betiere 2025eko ekainaren 1etik aurrera osatuak badira. 

Euskararen eremu geografiko osoan eginiko euskarazko film laburrak onartuko dira deialdi honetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpenen kasuan, edozein hizkuntzatan egindakoak izan daitezke.

Era berean, filmek komertzialki estreinatu gabeak izan behar dute, eta gehienez ere, 20 jaialditan inskribatuta egon izana onartuko da.

Proposamenak bidaltzeko epea maiatzaren 15era arte egongo da zabalik, eta deialdiaren oinarriak eta izen emateko orria kimuak.basqueaudiovisual.eus webgunean daude eskuragai.

KIMUAK

KIMUAKek bere jarduna egungo testuingurura egokitzen du, eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzarekiko konpromisoari eusten dio. Hala, sortzaileentzat aukerak sortu eta euskal ikus-entzunezko sistema bultzatzea du helburu.

1998az geroztik Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, KIMUAK programa Zineuskadik kudeatzen du, eta Etxepare Euskal Institutuak finantzatzen. Hein berean, Euskadiko Filmategiaren laguntza ere izan ohi du programaren baitan hautatutako filmen proiekziorako.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu
?>