Kokuioak aldizkaria: Euskal Herria eta Kubaren arteko erlazioa aztergai

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-10-22

‘Kokuioak’ ikerketa aldizkaria jarri du abian Habanako Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurletzak. Bertan euskara eta euskal kultura irakurle den Joseba Sarrionandia  idazleak koordinatutako argitalpen honek euskaldunen eta kubatarren arteko harremanak aztertzea du helburu.

‘Kokuioak’ ikerketa aldizkaria jarri du abian Habanako Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurletzak. Bertan euskara eta euskal kultura irakurle den Joseba Sarrionandia idazleak koordinatutako argitalpen honek euskaldunen eta kubatarren arteko harremanak aztertzea du helburu.

Aldizkariaren lehen zenbakia paperean argitaratu du Pamiela argitaletxeak eta dagoeneko liburu dendetan aurki daiteke. Kuban ere banatuko dira hainbat ale. Gainerako zenbakiek, ordea, bertsio elektronikoa izango dute bakarrik.

Literatura, historia eta etnografiari buruzko artikuluak irakurri daitezke lehen zenbaki honetan, hala nola, Ameriketako historian pertsonaia ezaguna den Lope de Aguirreren inguruko testua, barra izena zuen eta jada desagerturik dagoen kirolari buruzko idatzia edo Habanako Unibertsitateko irakasle batek 1933 urtean euskararen inguruan emandako hitzaldia. Kuban jaio zen Jesús de Sarría pentsalariaren biografia, Ernest Hemingway idazlea eta Andrés Untzain pilotari eta apezaren arteko harremana, eta Kuba eta Euskal Herriaren arteko erlazioan sakontzeko bibliografia hizpide dituzten artikuluak ere jasotzen ditu ‘Kokuioak’ aldizkariaren lehen zenbakiak.

Lan luze horiekin batera, izaera anitzeko dozena bat testu laburrago ere jasotzen ditu argitalpenak: olerkiak, kantuak, gertaerak, gutunak... Eta kolaboratzaileen artean ondorengo izenak daude, besteak beste: Josu Landa Mexikoko UNAM-eko irakaslea, Alexander Ugalde UPV/EHU-ko irakaslea, Koldo San Sebastián eta Bingen Amadoz kazetariak, Sindo Garay musikaria, eta Edorta Jimenez, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre eta Xabier Mendiguren idazleak.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.