Koldo Mitxelena katedra 2022: Harkaitz Cano
Euskara. Kultura. Mundura.
-
28Mar 202204Eka 2022Chicago
Etxepare Euskal Institutuak Chicagoko Unibertsitatean sustatzen duen Koldo Mitxelena Katedren baitan euskal zinemaren inguruko ikastaroa antolatu da graduko eta graduondoko ikasleei zuzenduta. Martxoaren 28tik ekainaren 4ra bitarte egingo da Harkaitz Cano idazle eta gidoilariaren gidaritzapean.
Egitarauaren baitan bi jarduera antolatu dituzte. Bata, ikastaroa, ‘Ez dago zinema txikirik: Intimitatea, dokumentalak eta esperimentazio filmiko euskal zinema garaikidean’. Bestea, hitzaldi eta poesia irakurketa, ‘Harkaitz Cano: poesia eta poetika’ izenburupean. Hilaren 27an egingo da, 16:30ean, Classics 21 aretoan.
Horrela, ikastaroak euskal zinema garaikidearen lagin bat aurkeztuko du, kanonen menpe ez den zinema-mota bat (pieza autobiografikoak, saiakera dokumentalak, film laburrak...) aztertzeko helburuarekin, euskal ekosistemetan garrantzi berezia hartzen duena bere eskala txiki eta historia konbultsoagatik. Komunitatearen memoria gordetzeko premiazkotzat du tankera horretako zenbait istorio kontatzea.
Poesia irakurraldia, bestalde, ekitaldi publikoa izango da. Poesia irakurketa elebiduna izango da, ‘Good Wolf, Bad Wolf’ liburuarena. Jarraian, Canoren poetikaren inguruan ariko dira. Irakurketa poetikoa publikoarentzat irekia izango da eta The University of Chicago-ko Classics 21 aretoan egingo da.
Harkaitz Canok emango duen ikastaroa Chicagoko Unibertsitateko Hizkuntza Erromanikoen Sailak eskaintzen dituen gradu eta doktorego programen parte izango da. Hala, irekita egongo da bai Humanitate Zientzietako edozein diziplinatako doktoregaientzat, bai Unibertsitate osoko graduko ikasleentzat.
Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko unibertsitateetan sustatzen dituen bederatzi katedretako bat da Chicagoko Unibertsitateko Koldo Mitxelena Katedra. Hizkuntza eta Literatura Erromanikoen sailean dago kokatuta eta euskal ikasketa humanistikoekin zerikusia duten eskola, mintegi edota hitzaldiak eskaintzen ditu.