Krego-Martin Danza euskal konpainia dantza garaikidearen azokarik garrantzitsuenean ariko den lehen euskal taldea izango da
Euskara. Kultura. Mundura.
Abuztuaren 31tik Irailaren 3ra Alemaniako Dusseldorf-en InternazionaleTanzmesse nazioarteko dantza azokaren 11.edizioa antolatu da, eta aurten ere, euskal taldeek euren erakusleiho propioa izango dute BASQUE DANCE stand-ean. Gainera, aurten lehen aldiz, euskal talde bat Tanzmesseko programazio ofizialean sartu da: Krego-Martin Danzaren emanaldia ikusgai egongo da irailaren 2an, 18:30etan.
Nazioarteko dantza garaikidearen azokarik handiena da Tanzmesse, eta bertan mundu osoko profesionalak biltzen dira. Horien artean, euskal ordezkaritzak bere leku propioa izango du, BASQUE DANCE, Etxepare Euskal Institutuak eta ADDEk (Euskal herriko Dantza Profesionalen Elkartea) elkarlanean osatutakoa, euskal dantza konpainien presentzia bermatzeko sortua. Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga ere bertan izango da, euskal taldeei babesa eskainiz.
Internazionale Tanzmesse bi urtean behin antolatzen den azoka-jaialdia da, dantza garaikidearen arloko profesionalen arteko komunikazioa bideratu eta euren arteko elkarlana sustatzeko plataforma lana burutzen duena. Konpainiek eta dantzariek oholtza gainean aurkezten dituzte ikuskizunak, eta koreografo, artista eta gainontzeko profesionalek stand ezberdinez osatutako azoka dute topaleku. Gainera, orotariko bilera eta topaketak ere antolatzen dira jaialdiaren baitan.