Kreol hizkuntzak aztergai Bordeleko Jean Haritschelhar Katedran
Euskara. Kultura. Mundura.
Abian da dagoeneko Etxepare Euskal Institutuak Université Bordeaux Montaigne unibertsitatean duen euskal ikasketen Jean Haritschelhar katedrako 2018ko programa. Enoch Aboh izango da aurtengo irakasle gonbidatua, eta maiatzaren 14 eta 15ean Bordelen eta Bainonan emango duen mintegian kreol hizkuntzak izango ditu ardatz, euskararekin alderaketa eginez.
Abian da dagoeneko Etxepare Euskal Institutuak Université Bordeaux Montaigne unibertsitatean duen euskal ikasketen Jean Haritschelhar katedrako 2018ko programa. Enoch Aboh izango da aurtengo irakasle gonbidatua, eta maiatzaren 14 eta 15ean Bordelen eta Bainonan emango duen mintegian kreol hizkuntzak izango ditu ardatz, euskararekin alderaketa eginez.
Bi hizkuntza edo gehiagoren nahasketatik eratorritako hizkutnza-aldaera egonkorrak dira kreolak, eta horien berezitasunaren eta salbuespen izaeraren inguruko kritika izango du hizpide Aboh-ek maiatzaren 14an Bordelen eskainiko duen hitzaldian. Ondoren, Ricardo Etxepare irakasleak Kreolen inguruko eztabaidak euskararen testuinguruan duen interesaz jardungo da, eta amaitzeko, Salikoko Mufwene Chicagoko unibertsitateko irakaslearekin zuzeneko hartu emana izango dute, internet bidez. Mufwene irakaslea munduko kreolista ezagunenetarikoa da, kreolen gaineko ikerketaren berrikuntzan parte hartze berezia izan duena.
Kreol hizkuntzen jatorriari buruz, bi hipotesi nagusi izan dira: batetik, badira ikerlariak Kreol hizkuntzak elkar aditzen ez zuten jendeen komunikaziorako balio zuen sasi-hizkuntza sinple baten garapenetik heldu direla sostengatzen dutenak. Hizkuntza horiek pidgin izenarekin ezagutzen dira. Azken hamabost urtetako lanek Kreolen bilakaera bestelakoa izan dela aditzera ematen digute. Ikerketa ildo honen arabera, Kreolen sorrera lekuko hizkera kolonialen eta batik bat plantazio sistemaren kontestuan iritsitako hizkuntz berrien arteko kontaktuaren baitan kokatzen du. Kreolen izaera berezia muturreko kontaktu egoera baten ondorio da, ez garapen atipiko baten emaitza. Bide horretatik, prozesu horiek euskarak bizi duen kontaktu egoera desberdinekin alderatuko dute, egon daitezkeen antzekotasunak eta diferentziak ulertzeko, eta kontaktu egoerak euskararen bilakaeran duen eta izan lezaken eraginaz gogoetatzeko.
Hilaren 15ean, bestalde, Aboh irakasleak hitzaldi bat egingo du Baionako ethnopolean. Giza gogoak eleaniztasunerako sortzez dakarren taxukera bereziaren ezaugarri nagusiez mintzatuko da.
Etxepare Euskal Institutuak eta Université Bordeaux Montaigne unibertsitateak hitzarmen bat sinatu zuten 2016ko irailean Bordelen, euskal ikasketak bertan sustatzearren. Katedra honek Jean Haritschelharren ikerketa eremu izan ziren euskal ikasketak, bereziki literatura eta linguistika, eta iberiar ikasketak sustatzea du helburu, Haritschelharren beraren izpiritu izan ziren nazioarteko eta mugaz gaindiko harremanak bereziki zainduz.