La Basu eta EH Sona protagonista MMVVn
Euskara. Kultura. Mundura.
Basque Music, euskal musika kanpoan zabaltzea helburu duen plataforma, aurten ere izango da Viceko Mercat de Música Viva (MMVV) azokan, irailaren 12tik 16ra bitartean. Aurreko ekitaldietan bezala, Basque Musicek musika-industriaren topaketa profesional hori baliatuko du Bartzelonan egiten den Euskal Herria Sona jaialdia ofizialki aurkezteko, eta, aurkezpenarekin batera izango den showcasean, La Basu kantaria arituko da.

Aurkezpena ostiralean, irailak 14, 13:30ean, MV gelan izango da, eta bertan izango dira Bartzelonako Euskal Etxeko ordezkariak ere, haiek baitira EH Sonaren antolatzaileak. Jaialdia Bartzelonan izango da, udazkenean, eta, oraindik jaialdiko kartela erabat osatuta ez badago ere, jada badakigu Zizel eta Liher taldeak bertan izango direla.
Sektoreko profesionalentzako aurkezpenaren ondoren, horiek bertatik bertara ezagutu ahal izango dute Elena Caballero, La Basu –izen artistikoa–, Basque Musicek antolatutako showcasean arituko baita. 20 urteko ibilbide musikala duela, Euskal Herriko emakumezkoen raparen adierazgarri nagusia da La Basu. Showcasean, 2017an plazaratu zuen Ni naiz izotz erregina azken diskoko kanta batzuk izango dira entzungai. Emakumezko bakarlari batek egindako rap estiloko lehen diskoa da eta euskara hutsean dago. Horretan, rapa bertsoekin eta dancehall eta swing estiloekin nahasten da.
La Basu ez da izango Mercat de Música Viva topaketaren 30. edizio honetan entzungo den euskal musikari bakarra. Izan ere, irailaren 13an, ostegunean, Kepa Junkera arituko da Carpa Negra agertokian, 13:00etan, Ath-Thurda e Cantares de Evora proiektua aurkezteko, profesionalentzat erreserbatutako showcase batean. Hurrengo egunean, ostiralean (irailak 14) leku berean taularatuko da Korrontzi, 22:15ean.