LAF India: Beatriz Chivite
Euskara. Kultura. Mundura.
-
29Urt 202306Ots 2023Trivandrum
Literature Across Frontiers in India jaialdian parte hartuko du Beatriz Chivite idazle nafarrak, bere olerkien irakurketak eginez. Berarekin batera parte hartuko dute jaialdian nazioarteko hainbat idazlek: Rasa Bugavičute-Pēce letoniarrak, Niall Griffiths eta Megan Angharad galestarrek, Archil Kikodze georgiarrak, Raquel Santanera kataluniarrak eta Sjón islandiarrak.
Delhi eta Trivandrum hirietan izango dira urtarrilaren 29tik otsailaren 6ra, eta poesia irakurketak eta tailerrak egingo dituzte bertako olerkariekin elkarlanean.
Beatriz Chivite Ezkieta Iruñean jaio zen 1991n eta Txinan, Nepalen, Indonesian, Hong Kongen, Italian, Taiwanen eta Erresuma Batuan bizi izan da. Euskaraz poesia idazten hasi zen sustraietatik hurbilago sentitzeko eta haurtzaroko hitzekin intimitatea mantentzeko. Bere poesiaren gaiak hiriak, hiri-bakardadea eta gure garaiko gai kritikoak dira. Londresen bizi da, eta nazioarteko harremanen kudeatzaile gisa lan egiten du unibertsitate batean.
Bere poesia liburuen artean daude ‘Pekineko kea’ (Pamiela, 2017), ‘Metro’ (Arabako Foru Aldundia, 2014, ingelesera itzulia, ‘The Blue Line’), ‘Biennale’ (Erein, 2017) edota ‘Mugi/atu’ (Pamiela, 2019). Sari ugari irabazi ditu eta bere poesia gaztelaniara, galizierara, ingelesera, frisierara, gaelikora, eslovenierara, italierara eta indonesierara itzuli da.
Etxepare Euskal Institutua eta artista
Etxepare Euskal Institutuak euskal sortzaileen zabalkundea sustatzen du, era guztietako nazioarteko jaialdiekin elkarlanean. Literature Across Frontiers (LAF) literatura trukea eta itzulpengintza sustzeko plataforma da. Galesen (Erresuma Batua) du egoitza, eta Europa osoko zein kanpoko hainbat erakunderekin eta partikularrekin elkarlanean lan egiten du aniztasun literarioa sustatzeko eta literaturaren eta itzulpenaren bidez kulturen arteko elkarrizketa garatzeko, gutxien itzulitako literaturak nabarmenduz, eszena literarioak lotuz eta elkartrukerako eta lankidetzarako aukerak sortuz.