Literatura eta memoria historikoa hizpide Bordeleko Jean Haritschelhar Katedran
2019/05/10
Euskara. Kultura. Mundura.
Maiatzaren 13 eta 14an gauzatuko da aurtengo Jean Haritschelhar Katedrako egitaraua, Bordeaux-Montaigne Unibertsitatean. Edizio honetako irakasle gonbidatua Mario Santana izango da, Chicagoko Unibertsitateko Hizkuntza eta Literatura Erromantzeen Saileko irakaslea.
Maiatzaren 13 eta 14an gauzatuko da aurtengo Jean Haritschelhar Katedrako egitaraua, Bordeaux-Montaigne Unibertsitatean. Edizio honetako irakasle gonbidatua Mario Santana izango da, Chicagoko Unibertsitateko Hizkuntza eta Literatura Erromantzeen Saileko irakaslea.
Aurtengo Katedran, literatura sorkuntza garaikidean historia eta memoria nola baliatzen diren aztertuko da. Maiatzaren 13an, egun osoko egitaraua izango da Bordelen, Santanaz gain beste hainbat gonbidaturen partehartzeaz lagunduta. Jardunaldiaren irekitzea Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapeneko arduradun Garbiñe Iztuetak egingo du, eta ostera Mario Santanari emango zaio tartea. Honek “Erredentzioaren poetika bat: historia eta memoria fikzio garaikidean” izeneko solasaldia eskainiko du. Ondoren, gaiarekin lotutako hitzaldiak emango dituzte beste hainbat adituk: Bordeaux-Montaigne Unibertsitateko irakasle Jesus Alonso eta Amélie Florenchi, eta EHUko Maria Jose Olaziregi izango dira gonbidatuak. Jardunaldia amaitzeko, doktoranteen mahai inguru batean parte hartuko dute Bordeaux-Montaigneko Rocío Negrete Peñak eta Rachel Marot-Rouichik, eta EHUko Ane Villagran eta Ainhoa Urzelaik.
Hurrengo egunean, maiatzak 14, Baionara lekualdatuko da Katedraren egitaraua. Bertan, aurreko eguneko gai-esparru berari eutsiko diote, eta Santanak “Memoria historiko eta fikzio garaikide iberiarra” izeneko hitzaldia emango du gazteleraz. Horrez gain, EHUko Iñaki Aldekoa irakasleak ere hitzaldia emango du euskaraz: “Iragan gertuaren memoria literarioa. Belaunaldien arteko solasa: Ramon Saizarbitoria eta Uxue Alberdi”. Amaitzeko, Katedraren egitarautik at egon arren, Mario Santanak azken jarduera bat egingo du maiatzaren 15ean Gazteizko EHUko Letren Fakultatean, eta Bordelen emandako hitzaldi bera eskainiko du bertan.
Irakasle gonbidatua eta Katedra
Mario Santana Kanariar Irletakoa da jaiotzez. Filosofia eta Literatura ikasi zituen, eta literatura espainiar, kataluniar eta latino-amerikar garaikidean aditua da. Foreigners in the Homeland: The Spanish American New Novel in Spain, 1962-1974 (Atzerritarrak jaioterrian: Eleberri hispano-amerikar berria Espainian, 1962-1974) liburua argitaratu du, besteak beste.
Etxepare Euskal Institutuak sustatutako Jean Haritschelhar Katedra 2016. urteaz geroztik dago martxan Bordeleko Bordeaux-Montaigne Unibertsitatean, eta bertan euskal ikasketak sustatzea du helburu. Katedra honek Jean Haritschelhar politikari eta ikertzailearen ikerketa eremu izan ziren euskal ikasketak, bereziki literatura eta linguistika, eta iberiar ikasketak sustatzen ditu.