‘Maixabel’ euskal ekoizpenak 14 izendapen lortu ditu Goya sarietarako
Euskara. Kultura. Mundura.
Kowalski Filmsek ekoitzitako filmak 14 izendapen lortu ditu Goya sarietarako, Espainiako Zinemaren Akademiak urtero ematen dituen sariak. Iciar Bollainek zuzendutako filmak Maixabel Lasaren, ETAk hildako Juan Maria Jauregi politikariaren alargunaren istorioa kontatzen du.
‘Maixabel’ film onenaren kategorian lehiatuko da ‘El buen patrón’ (Fernando León de Aranoa) eta ‘Madres paralelas’ (Pedro Almodovar) filmekin. Gidoi onenaren eta gizonezko eta emakumezko aktore onenaren hautagaitzak ere jaso ditu, baita aktore berri onenaren eta taldeko aktore onenaren izendapenak ere. Kategoria teknikoetan berriz ekoizpen zuzendaritzan, muntaian, zuzendaritza artistikoan, jantzien diseinuan, makillajean eta ile-apainketan, soinuan eta jatorrizko musikan lehiatuko da. Kategoria horietan guztietan euskal artista eta profesional ugarik hartu dute parte.
Euskal presentzia Goya sarietan animaziozko filmetan ere nabarituko da, izan ere, Uniko ekoiztetxe bilbotarraren ‘Nacer’ (Roberto Valle) eta Haizea Pastorrek eta Iker Álvarezek zuzendutako ‘Zutik!’ lanak animaziozko film labur eta luze onenaren kategorietan daude, hurrenez hurren.
Horiez gain, ‘Las leyes de la frontera’ (Daniel Monzón) idatzi duen Jorge Guerricaechevarría egokitutako gidoi onenaren sailean hautagaia da eta Fernando Albizu Ruiz de Alegría sartu dute taldeko aktore onenaren sailean, ‘El buen patrón’ filmean egindako lanagatik.
Goya sarien gala Valentzian egingo da, otsailaren 12an.