Malaga Festival Industry Zone: Basque. Audiovisual.
Euskara. Kultura. Mundura.
-
18Mar 202227Mar 2022Malaga
Euskal zinemagintzako lanek bere lekua izango dute beste behin MAFIZ Malagako Zinema Jaialdiaren industria gunean. Martxoaren 18tik 27ra bitartean egingo da, jaialdiaren baitan. Basque. Audiovisual.-i esker, 5 filmek parte hartuko dute azokan. Jaialdiaren egitarauan, bestalde, 14 euskal film ikusteko aukera izango da.
Basque. Audiovisual. euskal zinemaren markapeko bi film izan dira hautatuak Screenings XXL-n proiektatuak izateko: Ritxi Lizartza eta Juan San Martinen (Maluta Films) ‘Ainarak’ eta Marc Sempere-Moya eta Leire Apellanizen (Señor & Señora) ‘Canto cósmico. Niño de Elche’.
Bestalde, Next From Spain sekzioan Jabi Elortegiren ‘El vasco’ izango da, Pausoka, Oeste Films eta Prisma Cinek ekoitzia. Alberto Vázquez galiziarraren ‘Unicorn Wars’ sekzio berean izango da, Uniko Estudiok ekoitzi duena. Amaia Remírez eta Raúl de la Fuenteren ‘Bayo bayo baby’ ere bai, Kanaki filmsena.
Partaidetza nabarmena
Euskal zinemagileek parte-hartze nabarmena izan ohi dute Malagako jaialdiaren industria arloan, eta baita jaialdiko beste sekzioetan ere bai. Hiru film lehiatuko dira Lehiaketa Sail Ofizialean: Alauda Ruiz de Azúaren ´Cinco lobitos´, Ibon Cormenzanaren ´La Cumbre´ eta Imanol Uriberen ´Llegaron de noche´.
Era berean, Dokumentalen/Film luzeen Sail Ofizialean ´Balika´ izango da, Aitor Sánchez Smith eta Lander Ibarretxeren azken proiektua.
Animazine – Animazioko Film Laburren Sail Ofizialean izango dira Pablo Polledri zuzendari argentinarraren eta Uniko Estudio eta Maniac Planet ekoiztetxeen ´Loop´ film laburra eta Aitor Oñederrak zuzendu eta ekoitzitako ´Ur azpian lore´, Kimuak 2021 katalogoaren parte dena.
Mikel Gurreak zuzendu eta Irusoingo Xabier Berzosak ekoiztutako ´Heltzear´ ere ikus daiteke Fikziozko Film Laburren Sail Ofizialean. Hau ere Kimuak katalogokoa. Horrez gain, atal berean Mikel Ruedaren ´Etxean´, eta Galapan eta Sumendi ekoiztetxeekin batera Maider Oleagak sortutako ´Irrits´ film laburrak hartuko dute parte. Film Labur Dokumentalen Sail Ofizialean Maider Fernández zinemagile donostiaren azken lana egongo da, ´Fe´, Apellaniz y de Sosa ekoiztetxearen eskutik.
Era berean, lehiaketatik kanpo, Pedro Olea bilbotarraren ´El Parque de Juegos´ eta Gaizka Urrestik ekoitzitako Carlos Sauraren ´Goya 3 de Mayo´ film laburrak proiektatuko dira. Emakumeen eskubideen aldeko sail berezian, ´Norberaren gela´, Ainhoa Urgoitia eta Enrique Rey Monzonena, eta ´Mama´, Pablo de la Chicarena eta Diego Urruchik ekoiztua (Media Attack) proiektatuko dituzte.