Malandain Balletek eman dio hasiera Montrealgo Quartiers Danses jaialdiari

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-09-09

Miarritzeko Malandain Ballet entzutetsuak eman dio hasiera, bart, Montrealen, Festival Quartiers Danses jaialdiari. Hiriko antzoki nagusian, Maisonneuve antzokian, ‘La Pastorale’ lana aurkeztu dute, 1300 pertsonaren aurrean. Beethovenen Seigarren Sinfonian, Pastorala hain zuzen, oinarritutako lan honek konpositoreak naturarekiko zuen maitasuna transmititzen du, dantzaren bidez, Antzinako Greziako inozentzia eta bakea adieraziz. Ikuskizun honekin eman zaio hasiera, era berean, Etxepare Euskal Institutuak antolatutako Saison Quebec - Pays Basque kultur trukerako egitasmoaren azken txanpari.

Datozen egunotan, eta irailaren 18ra bitarte, bederatzi lan koreografiko ikusi ahalko dira. Malandain Balleten beste bi lan ez ezik, beste hiru euskal konpainiaren sorkuntzak taularatuko dira Montrealgo gune ezberdinetan. Izan ere, euskal dantza sorkuntza garaikidean jarriko du arreta jaialdiak aurtengo edizioan, Focus Basque atalaren bidez; Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioa, CALQ (Conseil des arts et des lettres du Québec) eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko elkarlana.

Irailaren 9 eta 10ean, ‘Nocturnes’ eta ‘Mozart a deux’ ikuskizunak eskainiko ditu Malandain Balletek. Judith Argomanizek gidatutako Lasala izango da programazioko beste protagonistetako bat. Konpainiak ‘Fight’, ‘Alive’ eta ‘IU’ lanak aurkeztuko ditu irailaren 11, 12 eta 13an. Jaiotz Osa eta Xabier Mujikak osatzen duten bikote artistikoak, Osa + Mujika, hartuko dio lekukoa: ‘Expectations will not kill you’ lana ikusi ahalko da hilaren 13, 14 eta 15ean hiriko kaleetan. Eta amaitzeko, Proyecto Larrua taldearen txanda izango da, ‘Muda’ eta ‘Idi begi’ lanekin, irailaren 15 eta 16an.

Dantzarekin lotutako eskaintza, ordea, ez da ikuskizun horiekin amaituko. Irailaren 11n, Telmo Esnalen ‘Dantza’ filma emango dute Montrealgo Arte Ederren Museoan, eta gaurtik irailaren 23ra euskal dantzaren transmisioa ardatz duen ‘Soka’ erakusketa egongo da ikusgai Centre des Musiciens du Monde (Munduko musikarien zentroa) gunean, Euskaldunak Québec elkarteak antolatu duena Etxepare Euskal Institutuaren eta Euskal Kultur Erakundearen laguntzaz. Gaur bertan egingo da erakusketaren irekiera ekitaldia, eta Bilaka dantza taldeak emanaldia eskainiko du.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu