MICE eta Aitor Etxebarria, Primavera Pro showcase-ko protagonistak Basque. Music.-en eskutik
Euskara. Kultura. Mundura.
Aitor Etxebarriak eta MICEk parte hartuko dute ekainaren 2tik 4ra Bartzelonan egingo den Primavera Pro-n, nazioarteko musikaren topaketa entzutetsuan, Basque. Music. ekimenak antolatutako euskal erakusleihoaren bitartez. Basque. Music. plataforma Musika Bulegoak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskadiko Soinuak (Kultura Sustapena – Eusko Jaurlaritza) sustatzen dute, Euskal Herrian egindako musika ezagutarazteko helburuarekin.
Hau lehen aldia izango da Basque. Music-ek Primavera Pro-n parte hartuko duena, munduko musika-industriaren urteko hitzordu garrantzitsuenetakoa bihurtu den topaketan. Bi euskal proposamenen kontzertuak presentzialak CCCB arte garaikideko zentroan izango dira ekainaren 4an eta streaming bidez ere emango dira. Era berean, hautatutako bi proposamenek speed meeting saioetan parte hartzeko aukera ere izango dute.
Emanaldi honekin, Basque. Music.-ek 2020an egindako deialdia berreskuratu du, iazko deialdia Covid-19ren ondorioz atzeratu behar izan baitzen.
Aitor Etxebarria, ‘El_txef_a’ bezala ere ezaguna dena, album berri batekin itzuli da. ‘Markak’ dokumentalaren eta ‘Hondar ahoak’ telesailaren soinu bandaren sortzaileak diska berri bat dakar: ‘Nihilism part 1’. Tentsio, lasaitasun eta iluntasunaren artean art-rockerako bidaia batean eztabaidatzen diren 9 abestiz osatutako bilduma da.
Miren Narbaiza 2005ean Ander Mujikarekin elkartu eta ‘Napoka Iria’ taldea sortu zuten. Hiru disko atera zituzten, ‘Napoka iria’ (autoekoizpena, 2006), ‘Lehertarazi edifizioak’ (Bonberenea Ekintzak, 2011) eta ‘Arnasten ikasteko berriz’ (Bonberenea Ekintzak, 2013). 2017an taldea desegin zen eta Mirenek bakarkako proiektu berri bati ekin zion MICE ezizenarekin. Urte berean atera du aurreneko diskoa, ‘MICE’ izenekoa. 2019an Micek bigarren bakarkako lana kaleratu zuen lau kantarekin osaturiko ´Zilar Printzak´ EP-a.
Musika munduko berrikuntza eta erronka berriei leiho irekia eskaintzen dien topagunea da Primavera Pro. Duen kokapenari esker, Europa, Ipar Amerika eta Latinoamerikako herrialdeen arteko kultura-trukerako gune estrategikotzat dute. Primavera Pro musika-industriaren oraina eta etorkizuna ulertzeko gune bihurtu da.