Ezagutu itzazu MIN sarietako Euskarazko Disko Onenaren sarirako finalistak

Euskara. Kultura. Mundura.

2024-03-20

Adituen epaimahaiak Musika Independentearen MIN sarietako kategoria bakoitzeko bost finalistak aukeratu ditu. Amorante, Bulego, Ezpalak, Izaro eta Zetak Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Saria eskuratzeko lehiatuko dira. Sari-banaketa apirilaren 17an egingo da Zaragozan.

Amorante | ‘Harri orri har’

 Amorante Iban Urizarren proiektua da. Artistak berak "herri musika" gisa definitzen du bere musika, eta inprobisazioarekin jolasten du bere abestietan. Antzinako eta abangoardiako musikarako bidaia diren konposizioak sortzen ditu, non aldakortasuna eta esperimentazioa ezinbestekoak diren. Aurreiritzi guztiak kenduta, euskarazko instrumentu eta letren sonoritateari emandako nahasketa apartak egiten ditu.

Bulego | ‘Aldatu aurretik’

Euskal musika panoramako pop taldea 2019ko urtarrilean sortu zen diziplina anitzeko proiektu gisa. Taldeko kideak Tomas Lizarazu, Xabi Arrieta eta Ruben Lizarralde dira. Euskara hutsezko pop dantzagarri eta buenrollista talde honen proposamenak erreferentzia leku bat eskuratu du euskal pop eszenan.

‘Aldatu Aurretik’ Bulegoren estudioko iraupen luzeko bigarren lana da. Aldaketei buruz hitz egiten duen album kontzeptual bat da: lanez aldatu, bikote batekin amaitu edo berri batekin hasi, leku berri batera mugitu edo, besterik gabe, denboran aurrera egin.

Ezpalak | ‘Lagunekin zuzenean’

Ezpalak 2019an sortu zen, Voltaia, Los Moths edo Grises taldeetako lau musikarirekin: Juanjo Berasain (ahotsa), Eñaut Gaztañaga (gitarra), Unai Eizagirre (baxua) eta Janardana Iglesias (bateria). Ezpalak azken urteotako euskal rock alternatiboaren erreferente bihurtu da. Hedabide handien eta ikusleen esker ona jaso du eta bere indarra zuzenean erakutsi du.

‘Lagunekin zuzenean’ lanak 2021etik 2023ra egindako zuzeneko grabazioak eta kolaborazio bereziak batzen ditu.

Izaro | ‘cerodeenero’

"cerodenero" Izaroren estudioko bosgarren lana da. Album kontzeptual honek barne bidaia bat kontatzen du, pop, folk, elektronika eta sustraiko musika kontrasteak berreskuratuz eta poesiak eta metaforak sortuz. Abeslariak bere alderik argitsuena erakusten du, baina baita bere alderik basatiena ere.

Zetak | ‘Aaztiyen’

Pello Reparaz Vendettako kide ohiaren ´Zetak´ proiektua musika elektronikoan oinarritzen da. Soinu-identitate propio baten bila, sintetizadore ezberdinekin lan egiten du, soinu eta konposizio berriekin esperimentatuz.

‘AAZTIYEN’ ek eszeptizismotik tratatzen ditu emozioak eta tradizioa. Emozioak ez dira sortzetikoak, eta tradizioa ere ez da gizakiaren berezkoa. Lan hau bizi garen erregimen emozionalean barrena egindako bidaia da. Era berean, AAZTIYENek euskal soinu tradizionalak erabiltzen ditu, hala nola alboka, pandereta eta irrintziak, ZETAKen soinu-nortasuna ahalduntzeko. Euskal soinu-elementu tradizional horiek erabili eta desitxuratzen ditu lan honek.

Gainerako finalistak Akaleia, Esne Beltza, Ibil Bedi, Jai/egun, Kepa Junkera, Kuttune, Intza, Mugan, Nøgen eta Sara Azurza izan dira.

Artista horietako asko finalistak izan dira beste kategoria batzuetan ere. Kategoria horietan sartzen dira hainbat musika estilo (jazz disko onena, flamenko disko onena, rock disko onena, etab.), hizkuntza (euskara, katalana, galiziera) eta beste batzuk (disko onena, bideoklip onena, abesti onena...).

Sari banaketa egunean euskal musikariak izango dira hainbat kategoriatan: Chica Sobresalto urteko abesti onenaren saria eta musika ekoizpen onenaren saria lortzeko lehiatuko da; Belako rock disko onenaren eta diseinu grafiko onenaren kategorian talde finalistetako bat da eta Benyart hiri-musikako grabazio onenaren kategorian lehiatuko da.

MIN Sariak 2009an sortu ziren, estatu mailako sorkuntza artistikoa, kultura-aniztasuna, talentua eta musika-enpresa txiki eta ertainen ekoizpenak ikusarazteko, bai eta nazioan eta nazioartean musika independentea sustatzeko ere.

Etxepare Euskal Institutua eta MIN Sariak

Etxepare Euskal Institutuak euskarazko disko onenaren Etxepare saria 2013tik ematen du, euskarazko musika independenteari ikusgarritasuna eta zabalkundea emateko. Iaz, Niña Coyote eta Chico Tornadok irabazi zuten Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Saria.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu