MIN sarietako publikoaren bozketa epea zabaldu da

Euskara. Kultura. Mundura.

2024-02-28

Zabaldu dute  16. MIN sarietako hautagaiak bozkatzeko epea. Martxoaren 6ra arte bozkatu ahalko du entzulegoak, eta ondoren jakinaraziko dute zeintzuk diren kategoria bakoitzeko 15 artista edo talde bozkatuenak. Ondoren, adituen epaimahaiak alor bakoitzeko bost finalista hautatuko ditu, eta sari banaketa apirilaren 17an egingo da, Zaragozan.

Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Saria eskuratzeko talde hauek lehiatuko dira:

- Akaleia, ‘Ondoloin’.

- Amorante, ‘Harri Herri Har’.

- Bas(h)oan, ‘Bas(h)oan II’.

- Bulego, ‘Aldatu aurretik’.

- Esne Beltza, ‘Esne Bidea’.

- Euskal Barrok Ensemble, ‘Subh’.

- EZEZEZ, ‘Katuzaldia’.

- Ezpalak, ‘Lagunekin zuzenean’.

- Gorka Hermosa – Garikoitz Mendizabal, ‘Sustraien matxinada’.

- Habi, ‘Ohartu’.

- Haize Arrosa, ‘Ez dogu zor ezer’.

- Ibil Bedi, ‘Goldea’.

- Jon Maia, ‘Kantu berri bat gara’.

- Jai/ egun, ‘Argiek istilu’.

- Jose Ramon Senperena, ‘Lied Koadernoa’.

- Kadira, ‘Kadira’.

- Korrontzi, ‘Korrontzi 20’.

- Kepa Junkera, ‘Erromeriak’.

- Kuttune, ‘Zer ote da?’.

- Izaro, ‘Cerodeenero’.

- Intza, ‘Aheri’.

- Modus Operandi, ‘Atzo/ Gaur’.

- Mugan, ‘Aurrera ez den alde batera’.

- Nøgen, ‘Åben cirkel’.

- Sara Azurza, ‘Hemen berriro’.

- Xabi San Sebastian, ‘Betazalak’.

- Zetak, ‘AAZTIYEN’.

Hauek, gainera, beste kategoria batzuetarako ere badira hautagaiak. Kategoriak asko dira; horien artean, musika-estiloen araberakoa (jazz diskorik onena, flamenko diskorik onena, rock diskorik onena…), edota hizkuntzen araberakoa (euskarazkoa, katalanezkoa, galegozkoa) aurki daitezke, orokorragoak diren beste batzuez gain (diskorik onena, bideoklip onena, abestirik onena…). Hauez gain, beste euskal talde batzuk ere izendatuak izan dira beste kategoria batzuetan.

Etxepare Euskal Institutuak Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Saria babestuko du aurten ere. Etxepare Euskal Institutuak 2013tik eskaintzen du euskarazko diskorik onenaren saria, euskaraz egindako musika eta euskal musikari independenteei ikusgarritasuna eta zabalkundea emateko xedez. Iaz, Niña Coyote eta Chico Tornadok eraman zuten Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Saria.

Bozketa prozesuan, entzule bakoitzak kategoria bakoitzeko bost artista bozkatu ahal izango ditu, eta soilik bozka bat eman ahalko du bakoitzean. Publikoak kategoria guztietan du zeresana, hirutan izan ezik: ‘Disko Onena’ epaimahaiak hautatuko duen zuzenean; ‘Diseinu Onena’ diziplinakoan ere adituek egingo dute hautaketa; eta ‘Mario Pacheco Ohorezko saria’ UFI-ko (Unión Fonográfica Independiente) kideek emango dute.

MIN Sariak 2009 urtean sortu ziren estatu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea estatu mailan zein nazioartean sustatzeko.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu