Miren Agur Meabek irabazi du Espainiako Poesia Saria
Euskara. Kultura. Mundura.
Lehen aldiz, euskarazko liburu batek irabazi du Espainiako Poesia Saria, eta Miren Agur Meaberena (Lekeitio, 1962) da meritua. ‘Nola gorde errautsa kolkoan’ (Susa, 2020) olerki liburuari esker lortu du aitortza. Epaimahaiak nabarmendu duenez, "desioari, heriotzari, nostalgiari eta denboraren igarotzeari buruzko gogoetak hitzen bidez gozamena bilatzearekin uztartzen dira" liburuan, nahastuz baita ere, “urteen iragatearen samintasuna eta bizitasun eta freskotasun apurtezina”. Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioak ematen duen sariak 20.000 euroko ordaina du.
Genero literario ugari landutakoa da Meabe. Batez ere poesia eta haur literatura idatzi ditu, baina helduentzako narrazioak ere landu ditu. Saritutako bere lanen artean daude, adibidez, ´Azalaren kodea´ poema liburua, Espainiako Kritikaren Sari Nazionala jaso zuena 2000n, eta 2010ean argitaratu zuen ´Bitsa eskuetan´ poema bilduma, euskarazko Poesia Kritikaren Saria jaso zuena.
Epaimahairen arabera, "euskal poeta garaikide handienetako baten heldutasuneko poema liburua da" lan saritua. "Memoria liburu gisa hasten dena hedatzen doa, eta hainbat ahots, estilo eta tonu barne hartzen ditu", gaineratu du.
´Nola gorde errautsa kolkoan´ liburuan azken hamarkadan idatzitako poemak biltzen ditu idazleak. Bizitzaren joanean, hautsa altxatzen da, ezinegonetik argitasunerako joan-etorriko zubia eraikiz, denborak sortzen duen perspektiba eskainiz, irudien isurtzea gelditu gabe.