MMVV 2026: Marte Lasarte + Sara Zozaya + Ke Lepo
Euskara. Kultura. Mundura.
-
16Ira 202620Ira 2026
Vic
Mercat de Música Viva de Vic (MMVV) zuzeneko musikaren sektoreko topagune profesional nagusietakoa da. Aurten ere euskal musikak presentzia izango du bertan, Etxepare Euskal Institutuaren eta jaialdiaren arteko lankidetzari esker. Lau egunez, Vic hirian artistak, musika-industriako profesionalak eta publikoa bilduko dira zuzeneko proposamen berriak ezagutzeko eta sektoreko harremanak sustatzeko; horien artean izango dira Marte Lasarte, Sara Zozaya eta Ke Lepo euskal artisten kontzertuak.
Marte Lasarte
Irailak 18 | 19:30 | La Catedral DICE
Pop elektronikoaren eta rockaren arteko eremuan mugitzen den zuzeneko indartsu eta atmosferikoa eramango du Marte Lasartek Mercat de Música Viva de Vic jaialdira. Sintetizadoreek, gitarrek eta erritmo elektronikoek osatutako soinu-unibertso propioarekin, taldeak intentsitatea eta melodia uztartzen dituen proposamena aurkeztuko du.
Donostian sortutako Marte Lasarte Borja Antón eta Pello Armendarizen proiektua da, Skakeitan taldearen desegitearen ondoren sortua. Bikoteak pop elektronikoa eta rocka uztartzen ditu, zuzeneko sendo eta garaikide baten bidez.
Sara Zozaya + Ke Lepo
Irailak 17 | 22:00 | Església dels Dolors
Sara Zozaya eta Ke Lepo euskal eszena garaikideko bi proposamen berezi elkartuko dira Mercat de Música Viva de Vic jaialdian. Elektronika, pop esperimentala eta giro intimoak abiapuntu hartuta, bi artistek beren soinu-unibertsoak gurutzatuko dituzte horretarako bereziki egokia den Església dels Dolors espazioan.
Sara Zozayak pop intimista eta esperimentala lantzen du, ahotsa, elektronika eta testura atmosferikoak uztartuz. Ke Lepok, Alejo Orbegozo musikariaren proiektuak, sintetizadoreen eta musika elektronikoaren aukerak esploratzen ditu. MMVVko emanaldiak musika garaikidea ulertzeko bi modu pertsonal elkartuko ditu oholtza gainean.
Euskal kantagintzari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.
Ozen i Fort
Badiola i Datzira bikoteak, Musika Bulegoak eta Fabra i Coats: Fàbrica de Creació-k sustatutako Ozen i Fort proiektuaren bigarren edizioan sortutako errepertorioa aurkeztuko du zuzenean 38. Mercat de Música Viva de Vic jaialdian. Xabier Badiolaren eta Magalí Datziraren arteko lankidetza artistikoak egonaldi artistikoan sortutako kantu berriak oholtzara eramango ditu lehen aldiz.
Església dels Dolors (Vic)
2026ko irailaren 17a
19:45