Etxepare Euskal Institutua musika saria 2026: Fermin Muguruza
2026/06/05
Biarritzeko Atabalen egindako sari banaketan, Fermin Muguruzak eskuratu du Etxepare Euskal Institutua musika saria, Musika Bulegoak saritutako beste hainbat artista eta lanekin batera.
Euskara. Kultura. Mundura.
Hamarkada bete dute Musika Bulegoa sariek, eta ekainaren 4an egindako sari banaketan, euskal musikaren aniztasuna eta sormena aitortu die sariketak hamaika artistari. Biarritzeko Atabal aretoan egindako sari-banaketa ekitaldian, Fermin Muguruzak erdietsi du Etxepare Euskal Institutua musika saria.
Etxepare Euskal Institutua musika sariak euskal musika gure mugetatik kanpo zabaltzen duten sortzaileei aitortza egiten die. Eta Musika Bulegoak antolatutako aurtengo edizioan, aho batez Fermin Muguruza aukeratu dute saridun. Euskal musika eta euskara nazioartean zabaltzeko egindako ekarpenagatik eman zaio garaikurra Muguruzari, azken hiru urteetako saridunek osatutako epaimahaiak —Oreka TX, Euskal Barrokensemble, Izaro— eta Euskal Etxepare Institutuak hala erabakita.
Fermin Muguruza (Irun, 1963) euskal musikaren figura esanguratsuenetako bat da. Lau hamarkadatik gorako ibilbidean egina du abeslari, konpositore, ekoizle eta zinemagileak, eta funtsezko ekarpena egin dio euskal kulturaren nazioarteko proiekzioari. Besteak beste, 40. urteurreneko nazioarteko bira egin du musikari irundarrak, eta Europan, Latinoamerikan eta Asiako hainbat hiritara eraman du euskaraz egindako musika, nazioarteko zirkuitu handietan murgil.
Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako kide eta sortzaile izan zen Muguruza, eta ondoren bakarkako ibilbidean reggae, dub, hip-hop eta munduko beste musika-estilo batzuk euskararekin uztartu ditu. Bere sorkuntza artistikoak konpromiso soziala, hizkuntza-aniztasuna eta nazioarteko elkartasuna izan ditu ardatz, eta musikatik harago, zineman ere lan nabarmena egin du, besteak beste ‘Black Is Beltza’ eta ‘Black Is Beltza II: Ainhoa’ lanekin. Gaur egun, euskal kulturaren eta euskararen nazioarteko erreferente nagusietako bat da.
Horregatik guztiagatik (eta gehiago), euskararen eta euskal kulturaren nazioarteko proiekzioan egindako ekarpena aitortu zaio.
Musika Bulegoa Sariak 2026
Musika Bulegoa Sarien helburuak dira, besteak beste, euskal musikaren sektorea balioan jartzea, artisten lanak sustatzea, haien lanak ezagutzera ematea eta bultzatzea eta erakusleiho izatea.
Hamaika sari banatzen dira guztira, horietatik zortzi epaimahai profesional batek ematen ditu, eta baita EHMBEk emandako ohorezko saria ere, musikan egindako ibilbide nabarmenagatik. Herri bozketaren bidez aukeratutako publikoaren saria ere banatzen da. Hurrengoak dira aurtengo sarituak:
- Olaia Inziarte, ‘Zerrautsa’ diskoagatik
- Jon Saenz, ‘Exodus’ obra musikalagatik
- Maite Ruiz de Erentxun, bere izen bereko diskoagatik
- Sara Zozaya, ‘Attä’ EPagatik
- Maite Larburu, ‘Maizter’ diskoagatik
- Izaki Gardenak, ‘Sitsak’ diskoagatik
- EZEZEZ, ‘Kabakriba’ diskoagatik
- ØDEI, ‘Goizegi hiltzeko’ diskoagatik
Publikoaren Saria, berriz, Xabi Aburruzagak jaso du ‘Bask’ lanagatik. Ia 3.000 lagunek hartu du parte bozketan, Musika Bulegoak prestatutako plataforma digitalaren bidez.
EHMBE Ohorezko Saria, bestalde, Javier Corral ‘Jerry’-k jaso du.