‘Munduari bira eman zion ontzia’ liburua argitaratu du Joseba Sarrionandiak

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-05-24

‘Munduari bira eman zion ontzia’ izeneko liburua argitaratu du Joseba Sarrionandia idazleak, Aristides Hernandez ‘Ares’ ilustratzaile kubatarraren irudiek lagunduta. 10 urtetik aurrerako irakurleentzat sortu dute, eta Pamielak argitaratu du. Etxepare Euskal Institutuaren laguntzari esker, galizieraz, katalaneraz eta gaztelaniara itzuli da. Argitalpena Elkano Fundazioak babestu du, lehen mundubirari buruzko ezagutza eta hausnarketa zabaltzea helburu hartuta.

Joseba Sarrionandiak eta Aristides Hernandezek lana aurkeztu dute gaur goizean Donostiako San Telmo Museoan, Ion Irurzun Elkano Fundazioko zuzendariarekin eta Eli Irazu Pamielako editorearekin batera. Ekitaldian izan da, halaber, Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria.

‘Munduari bira eman zion ontzia’ liburuan, historia-irakasle batek bilobarekin Juan Sebastian Elkanoren bidaiaz izandako elkarrizketa luzea jasotzen du. Neskatoak kontakizuna interpelatzen du; izan ere, bilobak “benetako historia” nahi du, eta ez ipuin gehiago. Kontakizunak egungo arazo ugari planteatzen ditu elkarrizketa alai eta ironiaz betetako batean. ‘Ontzia’ euskal hitzaren esanahi bikoitzarekin jolastuz –itsasontzia zein edukiontzia izan daiteke–, Sarrik dio liburua “oroimenerako eta izpiritu kritikorako edukiontzia ere badela”.

Duela 500 urte Elkanok egin zuen bidaiari eta horrek gaur egungo egoerarekin dituen loturei dagokienez, Sarrionandiak esan du iragana ez dagoela hilda, eta “gertatu ere ez dela egin. Ontzi haiek lehen globalizazioaren balio enblematikoa dute, eta oraingo hegazkinak eta satelitek enegarren globalizazioa dira, lapurren banda-pentsamoldea duten pertsonen eskutik; izan ere, zibilizazioa basakeriarekiko ordezkatzeko aitzakian, injustizia sofistikatuz jokatzen jarraitzen dute”. Bestalde, egileak badu uste liburuak zerbaitetarako balio dezakeela: “Pentsamendu bakarreko eta mugikorreko garai batean bizi gara, mugikorrak duen azkartasun eta iraungitze horrekin, non liburu batek handik igaro zen norbaiten aztarna dirudien, komunikazio-tresna eraginkorra baino. Baina oroimen eta izpiritu kritikorako ontzi ona izaten jarraitzen du. Horixe egin nahi izan dugu testuarekin eta marrazkiekin, historia pixka bat gogoratzeko eta zer gertatzen den behatzeko ontzi bat”.

Aresek gaineratu du liburuak ikaskuntza handia ekarri diola: “Liburua ilustratzean, historia bat ezagutu nuen, munduari bira eman zionekoa; ondo ezagutzen nuela uste nuen, baina, egia esan, ez nuen, inondik ere, ezagutzen”. Lan egiteko moduari dagokionez ere esperientzia berria izan da berarentzat: “Niri beti eman izan didate liburua idatzita, ilustrazioak txertatzeko espazio zuriekin. Sarrirekin elkarlanean aritzea testuak eta irudiak lau eskutara nola sortzen ziren ikustea izan da, osotasunak forma eta zentzua nola hartzen zuen ikustea. Lan egiteko bestelako modu bat izan da niretzat”.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu