Nazioarteko 23 ikaslek euskara ikasteko egonaldiak egingo dituzte

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-06-29

Daria, Nico, Veronica, Alessandro, Maiju, Iga, Molly, Matteo, Nuranindia, Mortimer, Hanna… izenen zerrenda 23ra arte luza daiteke, eta denek badute zerbait amankomunean: atzerriko unibertsitateetatik Euskal Herrira etorriko dira uda honetan euskara ikastera.

Darla, Nico, Veronica, Alessandro, Maiju, Iga, Molly, Matteo, Nuranindia, Mortimer, Hanna… izenen zerrenda 23ra arte luza daiteke, eta denek badute zerbait amankomunean: atzerriko unibertsitateetatik Euskal Herrira etorriko dira uda honetan euskara ikastera.

2011 urteaz geroztik, Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko unibertsitate sarean euskara eta euskal kultura ikasten ari diren ikasleek Zornotzako Barnetegian euskara ikasi eta hobetzeko egonaldia egiteko bekak eskatzeko aukera dute Institutuaren eta Aurten Bai Fundazioaren arteko lankidetzari esker. Bekak bi asteko egonaldia hartzen du bere gain; bidaia gastuak, aldiz, ikasle bakoitzak ordaintzen ditu.

Aurten 10 herrialdetako 23 ikasle izango dira uztaila eta iraila bitartean euskara lehen eskutik bizitzeko aukera edukiko dutenak. Lehenengo bostak astelehenean hasiko dira, eta AEBtik (bi), Kuba, Erresuma Batua eta Italiatik datoz.

Egonaldien helburua da euskara eta euskal kulturaren ezagutza euskararen eremua baino haratago eramatea, beste herrialde batzuetan ere gure hizkuntzaren eta kulturaren alderdirik esanguratsuenak ezagut ditzaten, eta dagoeneko dituzten ezagutza horietan sakon dezaten.

Munduko txoko guztietatik iritsiko dira ikasleak: Alemania, Erresuma Batua, Italia, Finlandia, Polonia, Hungaria, AEB, Kuba, Irlanda… Hamabi-hamabost egunez izango dira Zornotzan, sei txandatan banatuta. Zazpi-zortzi orduz euskara klaseak jasotzez gain, euskal kulturan murgiltzeko era guztietako jarduerak burutzeko aukera izango dute egonaldian zehar. Labur esanda, bi aste emango dituzte euskaraz bizitzen.

Ikasle horietako bat Veneziako Ca’ Foscari unibertsitateko Matteo Fiorini izango da, ‘Aurten, euskara bai!’ lehiaketako irabazlea. Etxepare Euskal Institutuak eta Aurten Bai Fundazioak urtero antolatzen duten lehiaketa honetan, nazioarteko ikasleek euskarazko idazlanak bidaltzen dituzte, euskararekin duten harremana ardatz hartuta. Idazlan onenaren egileak barnetegiko egonaldia irabazten du, bidaia eta ostatu gastuak barne.

Mundu osoko 35 unibertsitatetan irakasten da euskara eta euskal kultura Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen irakurletza sareari esker. 2011 urtetik, unibertsitate horietako 130tik gora ikaslek jaso dute Zornotzako Barnetegian euskara ikasteko egonaldia egiteko beka.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu