Nazioarteko 40 ikasle Zornotzan euskara ikasten
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuaren unibertsitate programaren baitan euskara eta euskal kultura irakurletzetako 33 ikaslek aurrez-aurreko ikastaro trinkoa egingo dute Zornotzako Aurten Bai barnetegian, eta beste zazpik online. Etxepare Euskal Institutuak 2012tik eskaintzen ditu euskara ikasteko egonaldiak egiteko bekak.
Uztailaren lehenengo hamabostaldian zazpi ikaslek online barnetegia egin zuten, nork bere herrialdetik (Italia, Argentina, Uruguai eta Japoniatik). Aurrez aurreko egonaldiak bi txandatan burutuko dituzte. Aurrez aurreko barnetegiaren lehenbiziko txandan, uztailaren 15etik 26ra, egongo diren 16 ikasleak Zornotzan dira jada. Monika Madinabeitiak, Etxepare Euskal Institutuko Euskara Hedatu eta Sustatzeko zuzendariak, ikasleak bisitatuko ditu datorren astelehenean, uztailaren 22an. Sei ikasle Poloniatik etorri dira; Madriletik bi; eta Bartzelona, Alemania, Irlanda, Italia, Eskozia, AEB, Uruguai eta Italiatik ikasle bana. Euren euskara mailaren arabera kokatu dituzte ikasgeletan, barnetegian dauden beste ikasle batzuekin batera, A1 eta B2 maila artean. Egonaldiaren helburua da euskalduntzearen maila bat aurreratzea da.
Bigarren txanda abuztuaren 5etik 16ra egingo da eta nazioarteko 17 ikasle etorriko dira: Uruguai eta Frantziatik launa ikasle; Italiatik hiru; eta AEB, Polonia, Argentina, Kuba, Txile eta Georgiatik ikasle bana. Lehenengo aldiz, Georgiako ikasle bat izango da barnetegian. Institutuak Tbilis State Unibersityn sustatzen duen irakurletza ikaslea da eta A1 mailan arituko da barnetegian.
Hauek ez dira ordea 2024. urtean zehar Euskal Herrira euskara ikasteko etorri diren ikasle bakarrak. Izan ere, urtarrilean Txileko bi ikasle etorri ziren Zornotzara aurrez-aurreko ikastaro trinkoa egiteko, eta bost ikaslek online egin zuten, lau Uruguaitik eta batek Txiletik.
Euskara ikasteko bekak
Atzerrian euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntza, ikusgarritasuna eta hedapena helburu, Etxepare Euskal Institutua eta Aurten Bai Fundazioaren arteko hitzarmenari esker, Institutuaren nazioarteko unibertsitate sareko ikasleek Zornotzako Aurten Bai barnetegian euskara ikasteko egonaldia egiteko aukera dute. Etxeparek eta Aurten Bai Fundazioak erdibana bere gain hartzen dute ikastaroaren, ostatuaren eta otorduen kostua eta ikasle hautatuek asegurua eta bidaia ordaintzen dute. 2020. urtetik online ikastaroa ere eskaintzen da.
Etxepare Euskal Institutuak bultzatuta, munduko 35 unibertsitatetan ematen dira euskara eta euskal kulturako klaseak eta 1300 ikasletik gora daude matrikulatuta euskal ikasketekin loturiko eskoletan.