New York City Basque Film Festival: ´Nora´, ´Ander´ eta ´Handia´

Euskara. Kultura. Mundura.

  • 16
    Aza 2021
    18
    Aza 2021
    New York

2020ko geldiunearen ondoren, bueltan da New York City Basque Film Festival-a. Azaroaren 16tik 18ra, hiru euskal film ikusi ahalko dira Manhattan uharteko Village East Cinema areto historikoan: ‘Ander’, ‘Nora’ eta ‘Handia’, hain zuzen. Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz antolatzen du Eusko Jaurlaritzak Estatu Batuetan duen Ordezkaritzak jaialdi hau, euskara, euskal kultura eta zinema AEBetara hurbiltzea helburu. Emanaldi guztiak euskaraz egingo dituzte, ingelesezko azpitituluekin.

Azaroaren 16an, ‘Nora’, Lara Izagirreren azken lana izango da ikusgai New Yorken, bertako 18:30ean (GMT-4). Donostiako Zinemaldian estreinatu zen film honek kontatzen du protagonistaren bidaia bat, emozionala izango dena gehienbat.

Norak 30 urte ditu, Nicolás aitite argentinarrarekin bizi da eta Meri lagunaren seme-alabak zaindu ohi ditu. Herriko aldizkariaren horoskopoa ere idazten du, nahiz eta amesten duen bidaia-idazle izatearekin. Horrela, aititeren heriotzaren ondoren, road trip-a egingo du Euskal Herriko kostaldean zehar, haren errautsak amatxirenen ondora eramateko. Bidean ikasiko ditu lezio ugari, eta biziko ditu, baita ere, espero ez zituen egoera ugari.

Emanaldiaren ondoren, solasaldia egingo dute Lara Izagirrek eta Unai Telleria Estatu Batuetako Euskal Delegatuak.

Hurrengo egunean, azaroaren 17ko 18:30ean (GMT-4), ‘Ander’ filmaren emanaldia egingo dute. Roberto Castónek 2009 urtean zuzendutako filma Zinegoaken estreinatu zuten 2009an, eta geroztik ibilbide luzea egin du. Orain, New Yorken ikusi ahalko dute baserri giroan maitemintzen diren bi gizonen amodio istorioa.

Aitor Arregi eta Jon Garañoren ‘Handia’ azaroaren 18an emango dute, baita ere, 18:30ean (GMT-4). Sari ugari lortu ditu Altzoko Handiaren istorioa ardatz duen film honek.

Donostiako Zinemaldian Euskal Zinemaren Irizar saria eta Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zituen 2017an, Goya Sarietan beste 10 sari eskuratu zituen eta euskarazko inoizko filmik ikusiena ere izan da, 150.000 pertsonatik gorako ikus-entzulegoarekin.

New York City Basque Film Festivaleko 2019ko edizioan, Asier Altunaren ‘Amama’, Oier Aranzabalen ‘Margolaria’, Telmo Esnalen ‘Urte berri on, amona!’ eta Gorka Bilbao zuzendariaren ‘Jai alai blues’ dokumentala izan ziren ikusgai. New Yorkeko euskal komunitateko kideen eta bertako zinemazaleen artean, 500 ikusle inguru hurbildu ziren emanaldietara.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu