Pilar Belzunce gogoan gaur Eduardo Chillidari buruzko Nazioarteko Kongresuaren amaieran, Frankfurten

Euskara. Kultura. Mundura.

2015-07-05

Pilar Belzunce zena estimuz gogoratu dute gaur Frankfurteko Goethe Unibertsitatean Eduardo Chillidari buruzko Nazioarteko Kongresuaren amaieran. Mari Jose Olaziregik, Etxepare Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendariak eta unibertsitate sareko arduradunak, doluminak adierazi dizkie familiari kongresuaren itxieran eta Chillidaren emazte zenaren garrantzia ekarri du gogora. “Ez dago Pilar Belzunceren eta Eduardo Chillidaren memoria ohoretzeko modu hoberik, haiek egindako lanari buruzko ikerketa eta ezagutza akademikoa mundu mailan sustatzea baino”, nabarmendu du Olaziregik.

Uztailaren 3an hasi eta gaur amaitu den Forma-Materia-Espazioa: Chillida eta bere Garaikideak kongresua, euskal artistari eskaini zaion nazioarteko kongresu garrantzitsuena izan da. Etxepare Euskal Institutuarekin batera eratutako Chilida Katedraren eratzearen harira antolatu du Goethe Unibertsitateak, Jon Wood (Henry Moore Institutua, Leeds), Thomas Kirchner (Artearen Historiaren Foro Alemana) eta Carl Justi Elkartearekin elkarlanean. Programa Chillidaren adierazpenetan oinarritu da ohiko interpretazioen inguruan hausnarketa berriak egiteko xedez, eta helburu horrekin nazioarte mailako puntako adituak bildu ditu hiru egunez Frankfurten. Aurrerago guztien ekarpenak argitaratu egingo dituzte.

Irudian: kongresuko antolatzaileak, partaideak, Clara Montero (Eusko Jaurlaritza) eta Mari Jose Olaziregi (Etxepare Euskal Institutua) gaur Frankfuteko Goethe Unibertsitatean.


 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu