Pilar Rodriguez irakasleak hitzaldia eskaini zuen Koldo Mitxelena Katedraren baitan, Chicagon

2015/06/01

Euskara. Kultura. Mundura.

Pilar Rodríguez irakasleak (Deustuko Unibertsitatea) hitzaldia  eskaini zuen ostiralean University of Chicago-n, Koldo Mitxelena Katedraren baitan. "Cine vasco contemporáneo: nuevos formatos, otros lugares" izenburupean, Rob Stone  irakasleak (University of Birmingham) hasitako bidea jarraitu zuen Rodriguezek, aurten euskal zinemagintza ardatz duen Katedraren programan.

Maiatzaren 6tik ekainaren 5era arte burutzen ari den ikastaroak euskal zinemagintzaren lan eta gai nagusiak izango ditu hizpide, hastapenetatik gaur egunera arte, lau alor zehatzi arreta berezia eskainiz: euskal nazioaren sorkuntza pantailan, terrorismoaren errepresentazioa, euskal zinemagileen bigarren belaunaldia eta film garaikideak -Kimuak programako film laburrak nahiz Euskal Herrian zein diasporan sortutako lanak-.

Etxepare Euskal Institutuak 2012. urtean sortu zuen Koldo Mitxelena Katedra University of Chicago-ko Division of Humanities atalean txertatua dago, eta ikasturtero entzute handiko euskal irakasleren bat hartzen du,  euskal ikasketa humanistikoekin zerikusia duten eskola, mintegi eta hitzaldiak eman ditzan. Etxeparek bost katedra ditu mundu osoko unibertsitate ezberdinetan.

 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu